Mirentxu Etxeko trinket berriak ez du lehiaketa ofizialetarako balio

jon-altuna 2008ko maiatzaren 12a

Mirentxu Etxeko trinketean Udal arduradunek izan duen jokabidea kritikatu du Lasarte-Oriako pilotazale batek, Mikel Amenabarrek: Ez delako pilotaleku irekia, ez duelako neurri ofizialik eta urak biltzeko erreten bat egin delako zoruan, eskuin-paretaren ertzean. Pilota federazioko arduradunen ustez, penagarria da pilotaleku berriak eraikitzen direnean ez dela euren iritzia jasotzen eta are penagarriagoa Gipuzkoan zaletasuna handitzen ari dela eta arauzko neurriak dituzten horren trinket gutxi daudela jakinik. Karlos Altuna Udaleko kirol zerbitzuko arduradunaren ustez, pilotalekuak bere iraupenarentzat egokiena den funtzionatzeko modua du eta egokitzapenean berari ondo iruditzen ez zitzaizkion lanak egin baziren ere, teknikariek ura biltzeko derrigorrezko ikusi zutelako izan dela aitortu du.

Jon ALTUNA

Mirentxu Etxean zen pilotaleku txikian iaz ireki zen trinket berrian egindako egokitzapena "berez berri pozgarria" baina aldi berean penagarria da, Mikel Amenabar pilotazaleak, Txintxarriri adierazi dioenez, "Zer motatakoa da? Aisialdirako? edo txapelketa ofizialetarako? Nik esango nuke ez bata ez bestea" dio jaso dugun idatziak.
Udaleko Karlos Altuna teknikariak aitortu du luzera neurri ofizialen barruan dagoela eta frontisa ere altxa egin zela arauen barruan izateko, baina ia metro bat gutxiago duela zabaleran. Ezkerreko txabola jarri zen eta pilotalekua estali ere bai. "Zabalean ez zen posible izan. Eskubiko pareta mendiaren kontra dago, egoera txarrean zen horma zaharra, eta erortzeko arriskua baztertzeko horma berria egin zen". Horrek pusketa jan zion frontoiari.
Mikel Amenabarren ustez, aldiz, "gaur egunean kirol instalakuntza berri bat egiten baldin bada, arauak agintzen duen bezalakoa egin behar da"; Inguruan ez daude trinket gehiegi eta "aukera eder bat galdu dugu. Zergatik egin da pilotaleku hau arauetako neurritik kanpo?" galdetzen du Amenabarrek.
Gipuzkoako Pilota Federazioko teknikariek ere euren pena adierazi digute instalakuntza berriak egiten direnean ez zaielako kontsultatzen. "Libre dira nahi dutena egiteko baina pena da neurri egokiak ez izatea, batez ere kontutan izanik zaletasuna gora doala eta Gipuzkoan trinket oso gutxi daudela". Orain ere emakumeen artean munduko onentsuenekin txapelketa antolatzen ari da Pilota Federazioa eta arazoak ditu horrelako frontoiak topatzeko. Irunen badira bi, Donostian eta Iruran beste bat, eta beste bizpahiru partikularrak.
Udalak beste helburu batzuei erantzun zien Mirentxu Etxeko egokitzapenari heldu zionean. Herrian lau pilotaleku izanik, Mitxelin, Okendo, Oria eta Polikiroldegikoa, beste aukera bat eskaintzeari eman zion garrantzia: Gizarte zerbitzuak jartzeko Mirentxu Etxea erosi eta berritu zuenean lau paretako frontoia ere barne zen eta Karlos Altunak azaldu digunez, kirol zerbitzuak ikusi zuen egokiagoa izan zitekeela trinket bat jartzea, "bosgarren frontoia" zabaltzea baino. Herriko pilota arduradunek ere beste zerbait egiteak merezi zuela uste zuten. Horregatik erabaki zen "aspirazio handirik gabe" modalitate hau bultzatzeko, nahiz eta zabaleran ez izan trinket ofizialen neurririk.

Trinketa doan
Erabilerari dagokionez, Lasarte-Orian badaude erabat irekiak diren frontoiak eta baita erabilpen kontrolatua duten itxiak ere. Trinketa erdi bidekoa da. Karlos Altunak azaldu duenez, instalazioaren iraupenarentzat erabaki zen funtzionatzeko modua. Bestela arazoak zeudelako txukun eta egoki mantentzeko. Udal Kirol Zerbitzuak frontoi honen erabilera bultzatu nahi du eta doan erabili daitekeela jakinarazi du: Mitxelingo Tenis gunean edo Polikiroldegiko Squash kantxatan bezala libre daudenean doan erabiltzeko aukera izango da. Bazkideek nahikoa dute txartelarekin 15 minutu lehenago polikiroldegiko harrera zerbitzutik pasa eta eskaera egitea. Ordu betez erabili ahal izango dute.
Trinketean kamara bat eta atezain automatiko sistema jarrita dago, eta behin polikiroldegitik pasa eta gero, trinketeko atean txirrina jo eta polikiroldegitik zabaltzen zaie atea erabiltzaileei.
Kirol zerbitzuko ordezkariak argitu nahi izan du bere iritziaren kontra obraren arduradunek derrigorrezko jo zutela urak biltzeko erreten bat eta biltzekoak jartzea zoruan, eskubiko paretaren bazterrean.
Beste arazo batzuei ere aurre egin zaiela azaldu du Karlos Altunak. Pilotak galtzen zirenez, arazoari aurre egiteko ezker aparetan sare bat jarri da. Eskubiko paretan ez da sarerik jarri, urte asko dituen arbola batek traba egiten duelako. Gainera palaz edo eskuz bietara jokatu ahal izateko teilatu gainean modalitate baterako ala besterako egurrezko suplementoa egokitu dute. Xiloa eta atzeko teilaturik ez izateari ez dio Altunak garrantzia berezirik eman: "Gipuzkoako trinketek ez dute".
Iaztik da zabalik Mirentxu XIX mendeko etxe ondoan egokitu den frontoia. Teilatua jarri eta kantxa atontzeko lanek 150.000 euroko aurrekontua izan dute. Pilotazaleen ustez ez da asko erabili.

Pilotaleku berria
Mikel Amenabar kezkatu egin da Udalak Okendoko frontoia kendu eta Loidi Barren auzoan beste bat eraikitzeko asmoa duela jakitean. Zera uste du, "ez dugu gure herrian pilotaleku bakar bat araututako neurrikoa. Berri bat egin behar bada, arauak agintzen duten bezalakoa egiteko momentua da, hau da, edozein lehiaketarako balio lezakeena, berdin aisialdirako, berdin federatuentzako edo zergatik ez profesionalen arteko partidak ikusteko". Bere ustez posible litzake profesionalen arteko partiduak eta txapelketakoak ere Lasarte-Orian ikusteko, baino hori herriko agintarien menpe dago. "hor dago kakoa. Ez ahal digute Mirentxu etxeko trinketean egin dituzten moduko trakeskeriak berriro egingo !!!! Lasarteko pilota zaletuek ez lukete horrelakorik merezi". •