Txintxarri
Lortu al duzue aurtengo denboraldiko helburua?
Helburua lehenengo bueltaren ostean gure maila mantentzea zen, jaitsierako postutan geundelako. Baina 2. bueltako emaitzak ikusi ondoren, helburua kopan sartzea izan da. Egia esan helburu desberdinak izan ditugu eta orokorrean ikusita helburua lortu dugula uste dut. Uste baino lehenago lortu genuen mailan mantentzea eta azkeneko partiduetara arte kopa jokatzeko ametsari eutsi diogu. Beraz, polita izan da esperantza minimoa edukitzea.
Denboraldi ona egin duzue. Datorren urtera begira zer espero duzue?
Datorren urtean jendeak dioenez koparako sailkatu beharko genuke, pausuak aurrerantz jo ezkero. Hala ere, denboraldi bakoitza desberdina da, eta aurten ateratako puntuak agian gauza baterako balio dute eta beste urte baten ezertarako ez. Baina, helburua kopan sartzea litzake.
Taldeko pitxitxia izan zara, nola aritu zara ligan?
Aurten suerte ikaragarria eduki dut, partidu guztiak jokatu baititut. Konfidantza asko jarri du entrenatzaileak niregan. Ez dakit taldeko pitxitxi izan naizen, uste dut taldeko beste norbait ere lau gol egin dituela. Oso gol gutxi sartu ditut ekipoko aurrelaria izateko, lau gol besterik ez. Nire bertutea ez da golegilea izatea. Aurten nire burua langiletzat jotzen dut eta entrenatzaileak berdina ikusi duela iruditzen zait.
Kilometro mordoa egiten duzue Espainian zehar, ez al da nekagarria?
Asko, izugarri. Hurrengo astelehenean goizean goiz jaiki behar baduzu lanera joateko gehiago oraindik. Baina dagoena da, eta ezin dugu besterik egin. Batzuk nahiago lukete guk daukagun aukera edukitzea. Eskerrak ekipoan giro oso polita daukagun eta ez gara aspertzen: kartetan jolastu, pelikulak ikusi, irakurri, besteak zirikatu…
Kirolari profesionala izateak denbora asko kentzen al dizu?
Astean lau entrenamendu eta asteburuan partidua. Denbora asko kentzen digu. Niri ekipokoei baino gutxiago, bertan bizi naizelako. Taldekide askok Gasteizen, Eibarren, Legazpin…. bizi dira eta egunero Zubietaraino etortzeak…. ba imajinatu!
Asteburuetan kanpora joateak sozialki ate asko ixten dizkizu eta agian faltan gehien botatzen dudana da. Lagunekin gehiago egotea gustatuko litzaidake.
Moldatzen al zara kirola eta lana biak egiteko?
Bai, askotan arnasa falta zaizula ematen du. Astean zehar besterik egiteko denborarik ez dago. Nik egunero 8 ordu lan eta ia 3 ordu Zubietan pasatzen ditut, kontuak atera. Baina bizitzeko lana egin behar dut eta disfrutatzeko futbolean jolastu. Beraz, beste erremediorik ez da geratzen. Beno bat bai, baina hemen pentsaezina da: futboletik bizitzea. Beste lekuetan bai bizi dira futbolari bezala.
Iritsiko al da emakumea futboletik biziko den eguna?
Hori gustatuko litzaidake, baina nik ez dut lortuko. Gu oraintxe bide bat irekitzen ari gara eta gure atzetik datozenek lortuko dute, ez mutilek adina dutena, baina... Borroka zaila eta luzea da.
Futbolean lortu al duzu nahi zenuena?
Kirol arloan lortu dut nire ustez lortu nezakeena. Euskadiko selekzioa eta Errealarekin, superligan jokatzea. Amets bat Errealarekin eta oraingo nire taldekideekin liga irabaztea izango litzake.
Erreala bigarren mailara jaisteak eragina izan al du zuengan?
Bai noski. Erreala osatzen dugun guztiontzat atzera pausua izan da, ekonomikoki gehienbat. Muga ugari izan dira aurten: arropa, gasolinaren dirua… Badiolak hitza eman zigun gauza batzuk hobetuko zirela, ea egia den.
Azken partidua Anoetan iragarrita zegoen baina azkenean Zubietan jokatu zenuten, nolatan?
Bi aste lehenago berdina egin ziguten. Nik ulertu dezaket mutilek lehentasuna daukatela eta beraiek baino lehenago jolasteak zelaiarentzat txarra dela. Baina, hori aurretik badakite. Gauza bat esan eta gero ez betetzea amorratzen nau. Azkenean, denok dakigu zein den errealaren lehentasuna eta neskak bertan ze paper jokatzen dugun.
Gazteek geroz eta kirol gutxiago egiten dute. Gehiago sustatu behar al da kirola?
Kirolaren sustapena lantzen da. Herrian esaterako, Ostadar K.F.k kirola sustatzen du. Beraz, gazteek nahi izanez gero egin dezakete, beste gauza bat da nahi ez izatea. Agian gaur egun gazteei gehiago gustatzen zaie parrandan ibiltzea, baina nik esango nieke posible dela biak egitea. Egia esan, gorputza parrandatik garbitzeko kirol pixka bat egitea ona da. Gainera, kiroletik gauza positibo asko ateratzen dira: asko disfrutatzen da, asko ikasten da, jende asko ezagutzen da, tentsio asko deskargatzen dira eta izugarrizko lagunak egin daitezke. •