Txintxarri
San Markoseko Mankomunitateak bigarren eskuko merkatuak antolatu ditu maiatzaren 18tik ekainaren 29ra arte. Hirugarren edizioa da aurtengoa Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan zehar ibiliko dena.
Lasarte-Orian maiatzaren 25ean egingo du geldialdia goizeko 10:00etatik 14:00ak bitarte. Mota guztietako objektu erabiliak saldu, erosi edo trukatu nahi duen edozeinek parte hartu dezake eta baita, besterik gabe, zaborra murrizteko ekimenetaz informazioa jaso nahi dutenek.
Produktu mota ezberdinak prezio baxuan eskuratzeko aukera ona da, dekorazioa, arropa, liburuak, musika, kirol materiala, informatika eta jostailuak esate baterako. Merkatuaz gain beste ekintza batzuk egongo dira inguruan, berrerabilera tailerra, musika, elkarrizketak eta gaiaren inguruko informazioa.
Erabilitako gauzen salmenta, trukea, opari edo bilaketak egiteko panel bat egokituko da iragarkiak jartzeko, ondoren web orrialdean eskegiko direnak.
Ekimen hau herritarrei berrerabilera-esperientzia praktikoa edukitzeko aukera izan dezaten egiten da eta aldi berean hondakinen prebentzioan informazio gehiago emateko.
Parte hartzeko beharrezkoa da objektuak erabiliak izatea eta egoera onean egotea, besterik ez. Lekua erreserbatzeko epea zabalik dago eta ez dago epe mugarik ; hala ere, erreserbak nahiko aurrerapenez egitea eskatzen da. Partehartzea doakoa da, antolakuntzak 3x3 metroko 25 karpa jarriko ditu merkatu bakoitzean. Horietako hiru, Informazio gunerako erabiliko dira, bat berrerabilera tailerretarako eta gainerako 21ak salmenta edo truke postuetarako. Mahaiak eta aulkiak ere jarriko dira eta postuak banakakoak edo partekatuak izan daitezke, eskariaren arabera.
Informazio gehiago behar izanez gero www.merka2sanmarcos.org gunean edo 943 670249 telefonoan eskatu daiteke.•