Helena Ferreras
Buruntzaldeko Udalek euskarazko abizenak euskarazko grafiaz jartzeko egitasmoa atera dute aurrera. Herritarrek zein pauso eman behar dituzten jakin dezaten eskuorriak eta txartel handiak argitaratu dituzte.
Abizenak euskarazko grafiara aldatzea erraza da eta udalek prozesua nola egin behar den azaldu nahi diete herritarrei. Aurkeztu beharreko agiriak errolda agiria (udaletxean egiten dena), jaiotzagiri literala (bake epaitegian egiten dena), NANaren fotokopia eta familia liburua dira, azken hau bakarrik ezkonduta edo seme-alabarik izanez gero. Bake epaitegian aurkeztu eta beste ezer ez da egin behar Echeverría “ch”z idatzita duenak Etxeberria “tx”ekin idatzita eduki ahal izateko.
Kanpainia batez ere hemezortzi eta hemeretzi urte bitarteko gazteei zuzenduta dago adin tarte horretan nortasun agiria berritu behar delako eta behin berritzera joanda errazagoa da aldaketa egitea. Gazteek eskuorria etxean jasoko dute baina adin tarte horretakoa ez den edozeinek, Udal Euskara Zerbitzura joan eta bertan eskatu ditzake azalpenak.
Euskaltzaindiaren arauak
Abizenak edo izenak euskaraz idazteko Euskaltzaindiaren arauen arabera egin behar da. Epaitegian bertan dute zerrenda duen liburua, Interneten ere kontsultatu daiteke Euskaltzaindiaren web orrialdean. Izendegia gauzatzeko erabilitako irizpide nagusia izenen erabilera eta hizkuntza zuzentasunaren arteko oreka mantentzea izan da eta deituren kasuan batez ere idazkera akademikoari egokitzea.•