Anduri Espainiako Raidean 8. sailkatua

Txintxarri Aldizkaria 2008ko mai. 16a, 02:00

Xabi Etxezarreta eta Bakartxo Irazusta lasarteoriatarren Muxala zalditegiko Anduri zaldiak, Zaldizko Gazteen Raiden Espainiako Txapelketan, Europako Txapelketarako pasea lortu zuen, maiatzaren 2 eta 3an, Oviedon.

Anduri, odol garbiko zaldi arabiarrak, Oviedoko El Asturcón zaldi-zentroan ospatu zen Espainiako txapelketan 8.postua lortu zuen. Sailkapen honek Europako Zaldizko Gazteen Txapelketrako aurre aukeraketan sartzeko aukera eskaini dio. Europako Txapelketa Oviedoko zaldi-zentroan bertan, irailean ospatuko da. Peré Llorens Rodriguez kataluinarrak Anduri gidatu zuen Oviedoko Raidean.

Raid gogorra
Andurik probak osatzen zuten 120 kilometroak 11 ordu eta 30 minutuetan egin zuen, 12,97 kilometro orduko. Raidak derrigorrezko bost atseden gune zituen eta hauetan albaitarien azterketa medikoak bikain pasa zituen. Hauetan 12 minutu besterik ez zuen hartu deskantsatzeko.
Hirurogei eta hamar bat zaldik hartu zuten parte bertan. Lehenengo bi zatietan Anduri 23. postuan sartu zen eta azkeneko zatira arte pixkanaka postuak aurreratzen joan zen, 8.postua lortu arte. Proba oso gogorra izan zen eta horren isla da bidean geratu ziren zaldi kopurua, 30 bat.
Ibilbideak mendi-bideak zeharkatzen zituen. Tramu aldapatsuek eta egun horretan egin zuen beroak probaren gogortasuna areagotu zuten. Hala eta guztiz ere, Xabier eta Bakartxoren zaldiak errekuperazio azkarra izan zuen. Zaldiak 120 kilometro egin ondoren erraz pasa zuen azkeneko azterketa medikoa, hau da, ibilbide osoa amaituta, oraindik, baldintza fisiko onean zegoen jarraitzeko.
Saio bikaina egin zuten biek, Anduri zaldiak eta Llorens Rodriguez zaldizkoak. Beraz, zorionak. Orain, Oviedon irailean ospatuko den Europako Txapelketan parte hartzeko aukeratuak izan daitezen itxaron beharko dute.•