Sahara Herriaren Lagunen Elkarteak, Lasarte-Oriako Udalaren eta Euskadiko Saharar Delegazioaren laguntzarekin, Oporrak Bakean programa martxan jarri du. Ekimen honen bitartez 7 eta 12 urte bitarteko bost haur saharauiar Lasarte-Oriara etorriko dira uda igarotzera. San Pedro jaiak ezagutzeko aukera izango dute eta abuztua bukaerara arte gure artean izango dira.
Asteartean, elkarteko kideak eta bost harrera familiak kultur etxean elkartu ziren ekimen honen eta bi hilabetez jasoko dituzten haurren inguruko informazio gehiago jasotzeko.
Oporrak bakean
Sahara Herriaren Lagunen Elkarteko kideek azpimarratu nahi dute oporraldi hauek duten garrantzia: “etorriko diren haurrak errefuxatuen kanpamenduetan jaio eta hazi dira, eta euren familiekin batera, erbesteratze luze bat jasaten ari dira, mota guztietako beharrak pairatzeaz gain, udako hilabeteetan 50 graduetara iristen diren tenperaturak jasaten dituzte. Kanpamenduetan giza egoera larritu egin denez, beharrezkoa da haur saharauiar hauei udaran aukera bat eskaintzea”.
Egonaldiak irauten duen bitartean, kanpamenduetako haur hauek osasun errekonozimenduak egiteko aprobetxatuko dute; bista eta hortz-aginak begiratu eta txertoak hartuko dituzte. Baina aisiarako eta ongi pasatzeko aukera ere izango dute.•