Maiatzaren erdira iritsi garenean udaberri usainak goxotasun berezia dakarkigu guztioi. Herriak ere neguko lozorrotik berpizten ari dira eta Euskal Herri osoan zehar jaia eta festa nagusitzen ari da eta noski horrek barrenari sekulako poza dakarkio. Gure herrian ere herri lanari esker, Sorgin Jaiak sortu zirenetik, herriko jaiek kolore berezia hartu dute, parte hartze ezberdinei ateak irekitzea lortu da eta nortasunez beteriko jaiak lortze bidean pauso garrantzitsua eman da.
Bide horretan, asteroko lanari esker aurrera atera dira gure jaiak, herriak eginiko jaiak eta herriak gozatuko dituen jaiak, baina urterik urte herriak duen antolakuntza kapazitatea begi bistan geratu arren, udalaren aldetik mehatxu gixa hartzen dira ekimen guzti hauek, badirudi beldurra diotela herritarrek eginiko ekimen hauei, baina zergatik?
Egia esan, udalerri honetan urte askotan jaiak hiltzen utzi dira, ez dira pizgarri berriak hartu eta bertan hutsune handi bat sortu da, ikuskizun handiak bideratu nahi izan dira Donostian izango bagina lez eta horrek ez du ez hanka ez eta buru. Hutsune hori baliatzen saiatu izan da Sorgin Jaia eta ongi lortu ere, argi esan liteke jaien parte hartze zabalena Sorginen gunean burutzen dela.
Sorgin Jaiak gertu ditugu, eta denon laguntza behar dugu, herrian izan diren jairik ederrenak atontzeko, gogoak baditugu, ilusioa ere, horregatik jarrai dezagun bidea egiten, herritarrok egin ezean ez baitu inork guretzako egingo. Gora Sorgin Jaiak.