Hamaika garagardo dastatzeko aukera VII. Garagardo Azokan, Basaundin

Txintxarri 2008ko maiatzaren 16a

Buruntz-Azpi elkarteak VII. Garagardo Azokari hasiera eman zion atzo arratsaldean eta igande gauerdira arte irekita egongo da. Urtero legez, hainbat garagardo berezi eta arruntak ekarri dituzte dastatzeko. Baina, aurten berrikuntzak ditugu: larunbat goizean herriko elkarte gastronomikoen arteko sukaldaritza lehiaketa antolatu dute eta etzi, zikiroa prestatuko dute bazkaltzeko. Aurtengo azoka iragartzeko kartel lehiaketa David Sanchez Carreterok irabazi du.

Itziar carrasco

Buruntz-Azpi Elkarteko bazkideek atzo ireki zituzten VII. Garagardo Azokako ateak Basaundiko plazan eta igande gaua arte irekita mantenduko dituzte, arratsaldeko 18:00etatik gaueko 12:00ak bitartean. Atzo arratsaldeko 18:30ean egin zen irekiera ekitaldia. Bertan izan ziren David Sanchez Carretero kartel lehiaketako irabazlea, eta Manuel Aduriz, okela banatzailea. Biek dastatu zituzten lehen garagardoak.
Manuel Aduriz izan da aspalditik Garagardo festara okela eraman duena eta omendu egin zuten atzo berari lehen tragoxka hartzeko aukera emanaz. Okela enpresa izateaz gain Errealeko zuzendaritzako kide izan da hainbat urtetan, diruzaina eta presidenterordea ere bai Iñaki Alkizarekin hiru urtez. Bere emazte Joki Oterminek lore sorta bat jaso zuen ostegun arratsaldeko ekitaldian.
Bestalde, David Sanchez-ek kartel lehiaketako saria jaso zuen irekiera ekitaldian.
Urtero bezala, Basaundin jarri den karpara gerturatzen direnek txerri-ukondoa, lakon, saltxitxak, patata bixiak, txibiak, txorixoa, gazta, euskal-goxoa eta nahi adina garagardo izango dituzte dastatzeko asteburu osoan zehar. Garagardo bereziak izango dira, besteak beste, Affligen, Paulaner-salvator, Paulaner-garia, Paulaner-oria, Murphys, Guiness eta London Pride. Arruntak ere bai, hotz-hotza ateratzen den Heineken zero azpikoa, Amstel 1870, Amstel urrea eta alkoholik gabeko Buckler.
Zazpigarren urtea da jada Buruntz-Azpikoek garagardo azoka hau antolatzen dutela. Aurreko urteetan egindako lanak esperientzia handia eman die eta hori urtetik urtera nabarmenagoa da. Gero eta gogo gehiagorekin heltzen diote azokari eta aurten sukaldaritza lehiaketa eta zikiro jana antolatu dituzte.

Sukaldaritza lehiaketa
Bihar, larunbata, goizeko 10:30ean sua eta eltzeak kalera aterako dituzte. Izan ere, ordu horretan hasiko baita Lasarte-Oriako Elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa.
Partaideek behi-gisatua prestatu beharko dute. Buruntz-Azpi elkarteak haragia jarriko du eta partaideek gainontzeko jaki eta gozagarriak eraman beharko dituzte. Haragi egosia Basaundin bertan egin beharko dute 10:30etatik aurrera. Taldeak elkarte bakoitzeko bi lagunek osatuko dute.
Epai-mahaian herriko sukaldari ospetsuak, Martin Berasategi eta Donostian dagoen Urgull jatetxeko Josein Olasagasti, eseriko dira elkarteetako ordezkariek prestatuko dituzten platerak dastatzeko. Baina, lehiaketa ikustera gerturatzen direnek ere, herriko sukaldariek prestatutakoa probatu eta kritikatu ahal izango dute eguerdiko 13:00etatik aurrera.
Aurtengo azokak duen beste berrikuntzetako bat, zikiro bazkaria da. Gutxi gora behera, 200 lagunentzako prestatuko dute zikiroa igande eguerdian. Txartelak azokan bertan, Aldatz-Ekua edo Ilargi tabernetan erosi daitezke, ostiral gaua arte, 20 eurren truke. Txartelak zikiroa eta bi garagardo edateko aukera eskaintzen ditu.

Kartel lehiaketa
Aurtengo garagardo azoka iragartzeko kartel lehiaketan bederatzi pertsonek aurkeztutako hamabi lanen artean aukeratu behar izan dute. Iñaki Lasak, Buruntz-Azpi Elkarteko lehendakariak, kontatu digunez ez da batere erraza izan bat saritzea: “kalitate handiko lanak eta lan berritzaileak aurkeztu dituzte. Inoiz baino borrokatua egon da eta saria merezi zuten lanak atzean geratu dira”. Azkenean, David Sanchez Carreterok aurkeztutako “Brindis” lanak irabazi du VII. Garagardo Azokako kartel lehiaketa.
Irabazleak osteguneko ekitaldian jaso zuen 300 euroko saria. Davidek sari nagusia eskuratu duen arren, gainontzeko partaideek ere saritxo bat jasoko dute: azokan afaltzeko bi pertsonentzako gonbitea.
Igande gauerdi arte garagardo azoka irekita izango da. Beraz, aprobetxatu eta topa. On dagizuela. •