Maria Linge Viedma, Helduen Eskolako ikaslea, 85 urte betetzear
Jon Altuna
Jaengo Torres herrian jaio zen Maria Linge. Txikitan ez zuen eskolara joateko aukerarik izan. Bizitza osoan lan egin duen pertsona horietakoa da eta ez du azken urteotara arte ikasterik izan. Anai arreba txikiagoak zaindu zituen, seme-alabak gero eta bilobak ere bai. Aitari eta senarrari ere laguntzen zien Andaluziako soroetan.
Gurasoak nekazariak zituen, ama herriko plazara joaten zen, etxean, hango "cortijo"an, jasotako barazkiak saltzera eta berak zaintzen zituen anai-arreba txikiak. "Zortzi urte nituenerako zaintzen nuen nire anai gazteena". Gero, 36ko gerrateak harrapatu zuen, anai zaharrenak gerrara eraman zituzten eta aita bakarrik geratu zenez, oraindik haurrak zirela, hari ere lagundu egin beharko. Ezkondu eta gero, senarra eta biek, koinatu-koinatarekin sail batzuek hartu zituzten eta senarrari laguntzen zion. Beraz, urte batzuk han pasa eta duela 44 urte Lasartera etorri zen arte ez zen fundamentuz ikasten hasi. Hori bai, letra batzuk eta sinadura ikasi zituen baina gauza gutxi.
Nekazaritzatik bizi ziren senarra eta biak Santesteban del Puerto izeneko herrian. Lau urtetan bi haur ere izan zituzten. Garia eta garagarra jartzen zuten, olibondoak zituzten eta txerriak ere hazten zituzten. Gero lurren jabeak berak behar zituela eta, lurrik gabe utzi zituen eta Torres-era itzuli ziren. Han izan zuten beren alaba, hirugarrena, orain hemen bizi dena.
Ezustean Lasartera
Orduan aldatu zen Maria Lingeren bizitza: senarra, astebeterako Donostiara etorri arreba bat bisitatzera, eta pisua erosita itzuli zenean. "Urte hartan uzta ona izan zen, diru apur bat genuen aurreratuta eta horretan gastatu zuen". Ez ustean harrapatu zuen Maria eta semeengatik kezkatu eta haserretu zen. Helduenak 17 urte zituen eta hango bizitzara eginak zeuden. Etorri ziren Lasarte-Oriara baina etxeak egin gabe zeuden oraindik eta gela bat alokatu behar izan zuten.
Orduan, behin haurrak hazita, Emakumearen Zentroan hasi zen ikasten. Idazten hasi eta lehen eskutitzak Caceres-en unibertsitatean zen alabari idatzi zizkion. Eta harek zuzenduta itzultzen zizkion.
Parentesi bat hartu zuen bilobak zaintzeko, eta duela 5 urte inguru, Helduen Eskolara hurbildu zen berriro. Astegunetan ia egunero joaten da, batetik XL liburuak (letra handia dutenak) irakurtzen ditu eta bestetik, bere bizipenak idaztea ere gustukoa du. Aurten bere senarra ezagutu zuen uneari buruzkoa idatzi du, baina baditu beste batzuk. Dena den, orain gero eta gehiago kostatzen zaiola dio, begiak nekatzen zaizkio, buruak ez dio nahi bezala erantzuten eta irakaslearen laguntza eskertzen du. "Ni oso pozik nago. Txoratu egiten nau ikasteak. Dakitenei entzutea oso gustokoa dut. Hori ere ikasi dut. Adibidez psikologo baten hitzaldia, edo aditu baten hitzak..."
Irakurri eta idatzi
Ez dauka lehentasunik. Dena gustatzen zaio. Matematikak dira, "las cuentas", zailenak beretzat. Irakurketa asko maite du eta poza ematen dio gero telebistan berak irakurritako zerbaiti buruzko erreferentziak ematen baldin badituzte. Liburutegiko arduradunak, Javier Rodriguez-ek gomendatzen dizkio, adinduentzako XL liburuak, letra handikoak. “Liburu bat idazteko esaten didate. Baditut gauzak idatzita, baina nekatuta izaten naiz". Gaiak ez zaizkio falta: bere ume eta gazte aroak, 36ko gerrako istorioak, Andaluziako nekazarien bizimodua, lehen bidaia Euskal Herrira... Euskararik ez du ikasi, baina hitz bat ez zaio sekula ahaztuko: "mina". Bilobak arratsalde osoa negarrez pasa zuen "mina" esanaz; zer izango ote da? zioen berekiko alabak zer zen argitu zion arte.
Bilobak pozik daude amonarekin. Amona ere pozik da eurekin. "Ikasle onak dira eta lagundu egiten didate". Maria Lingek, nekatuta sentitu arren, ez du klaserik galdu nahi. Ikasgelatik atera genuen solaserako eta lehen bait lehen itzuli nahi zuen ikaskideengana. Eta horretan utzi genuen bere irrifarre eta bizipozarekin. Eta agurtu aurretik, gonbidapena luzatu zuen, adinari begiratu gabe, helduen eskolara hurbil gaitezen. Berak, ez du momentuz uzteko asmorik. •