Buenetxeak dagoeneko bederatzi final jokatu ditu eta gaur seigarren txapela jantzi du. Kiroldegiko harmailetan zeuden jarraitzaileek partidu borrokatua eta berdindua ikusi ahal izan dute. Beste urte batez, finaleko norgehiagokan joko ona eta kiroltasuna nabarmendu da. Buenetxeako golak Javier Mayan eta Agus Egañak sartu dituzte.
Sarituak
Finaleko atsedenaldian txapelketako antolakuntzak “Palomo”, Buenetxeako entrenatzailea, omendu du urteetan txapelketan egindako lanarengatik. Finaletan ohikoa denez, Ostadarrek Auzolan eta Kirolari Onena sariak banatu ditu: lehena, Buruntz-Azpi elkartearentzat eta bigarrena Maialen Chourraut piraguistarentzat izan dira. Ostadarreko ordezkariek pozik agertu dira eta eskerrak eman nahi dizkie Erketzeko dantzariei, Idoia eta Andoni txistulariei.•