Txintxarri
Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek Gipuzkoako zaborra Bizkaira eramatea adostu dute. Honen aurrean San Markos Mankomunitateko ordezkariek erabaki hau "errauste planta sustatzen duen ereduak denbora irabaz dezan, adabaki bat besterik ez" dela kritikatu dute.
San Markos Mankomunitateko Komunikazio sailetik helarazi duten dokumentuan Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioek hartutako erabakia kritikatzen dute eta "hondakinen tratamenduak trasladorik ez duela behar, konponbideak baizik", diote. Honen harira, "diputazioen arteko akordioak San Markoseko zabortegiaren itxiera ekarri dezakeen arren, adabaki bat da, errauste planta sustatzen duen ereduak denbora irabaz dezan".
Ricardo Ortegak ordezkatzen duen mankomunitateak zaborren arazoari irtenbidea emateko murriztu, berrerabil eta birziklatu, hiru ardatz hauetan gakoa dagoela uste du: "erronka ez da erraustea, gaikako bilketa egitea baizik. Denak nahastuta biltzeak, agerian esaten ez bada ere, ondoren Zubietan errauste planta bat eraikitzea da helburua".
Mankomunitatearen kritika
Mankomunitateko ordezkariek Markel Olano ahaldun nagusiaren jarreraren aurrean guztiz kritiko azaldu dira: "Markel Olano jaunaren helburu bakarra errauste planta eraikitzea da. Baina, mozorro sasi ekologikoa jantzi eta konpostajea eta birziklatzea ahalik eta gehien egin behar dela dio. Ez da sinesgarria. Olano jaunak 2016rako, 8 urte barrurako, nahastuta biltzen den zaborra %30 murriztuko duela aurreikusten du. Baina, sustatzen ez badu ere, jakin badaki, gaikako bilketa eraginkor batez 3 urtetan Gipuzkoan nahastuta biltzen den zaborra %70 murriztu daitekeela".
Atez ate biltzeko erronka
San Markoseko Mankomunitateak "ingurugiroari errespetua dion konponbidea bultzatuko du, gure osasuna arriskuan jarriko ez duena, eta ekonomikoki bideragarri izango dena", dio komunikatuak. Honen harira, "garapen iraunkorraren alde, indar guztiak jarriko ditu gaikako bilketa sustatzeko, Olano jaunak dioen bezala, ahalik eta birziklatzeari etekin handiena ateratzeko. Horregatik, San Markoseko Mankomunitateak hondakinen kudeaketa errotik aldatuko duen atez ateko bilketa sustatuko du".•