Ttakunek antolatutako Udako Txokoen aurkezpena egin zuten koordinatzaileek joan den ostegunean, hilaren 15ean Amaraun ludotekan. Lorena Garcia da 8 uretik 12 urte bitarteko taldearen koordinatzailea, Larraitz Sarobe 5etik 7 urte bitartekoena eta Amaia Mangas 2tik lau urte bitartekoena. Bakoitzak bere programa aurkeztu zuen helburuak eta egingo dituzten ekintzak azaltzeko. Uztaila eta abuztuan egingo dira, abuztuko haur kopurua txikiagoa izango da eta koordinazioa Zuriñe Osaren esku egongo da.
Txikienak Garaikoetxean egongo dira. Helburu nagusia psikomotrizitatea lantzea dute, oso txikiak dira batzuk, hitz egiten ikasi berriak eta margo, kanta eta jolas ezberdinen bidez landuko dute ludotekan. Egingo dituzten irteeren artean bat Txiki Guay-era egingo dute, herri inguruetan ibiliko dira eta lau urtekoak igerilekura eramango dituzte. Ondo pasatzeko aukera izango dute, gainera San Ferminak ospatuko dituzte, ur-jolasetan ibiliko dira eta baita txotxongiloak egiten saiatu.
Bost eta zazpi urte bitarteko umeek ingurumena eta kirola landuko dute aurten. Normalean naturaren inguruan aritzen dira baina ingurumena kontzeptu zabalagoa da, inguruan dagoena hartzen du bere barne, herriak, kaleak... Lasarte-Oria hobeto ezagutzeko aukera izango dute, askotan herritik kanpora ateratzen dira eta bertan badaude ezezagunak diren hainbat gauza oraindik. Ginkanak egingo dituzte auzo desberdinetan eta gertuko ingurunea ezagutuko dute horrela.
Ekintza nagusietako bat irteerak dira, aurreko urtean bi egin zituzten baina aurten gehiago egiten saiatuko dira, umeek baserri bat ezagutzeko aukera izan dezaten ahaleginak egingo dituzte koordinatzaileek. Gipuzkoatik aterako dira Astigarraga, Aia eta Oiartzun inguruetara eta gainera igerileku desberdinetan ibiliko dira.
Beste helburu bat kirola lantzea da. Jostakirolen bidez egingo dute egun bakoitzean kirol mota ezberdin bat landuaz. Tailerrak ere ugariak izango dira. Lehengo urtean eskulanetan ibili ziren baina aurten ogia eta papera egingo dute.
Urtero egiten duten Amaraun jaia ere prestatu beharko dute talde honetakoek. Arrakasta handikoa den jaialdia da eta aurtengo gaia ingurumena denez horren inguruan antzerki, dantza edo asmatzen duten emanaldia egingo dute txikienen aurrean.
Zortzi eta hamabi urte bitartekoen programazioa Sasoeta-Zumaburu ikastetxean landuko da. Garrantzitsuena ondo pasatzen duten bitartean euskara sustatzea da, baina ez bakarrik umeen artean, begirale eta koordinatzaileek ere parte hartu beharko dute helburuak lortzeko.
Abentura eta kirolarekin zerikusia duten ekintzak egingo dituzte gehien bat. Gazteentzako gauza berriak izaten dira hauek, ez dira egunerokotasunaren barruan sartzen dira jarduerak, horregatik gustatzen zaie hainbeste eta pasatzen dute hain ondo. Kirola beraien gorputzerako eta osasunerako gauza garrantzitsu eta ona da eta gazteek geroz eta kirol gutxiago egiten dutenez txokoetan landuko dute. Michelinen bilduko dira eta egun bakoitzean kirol mota bat egingo, jolas kooperatiboak eta taldekoak ere landuko dituzte bertan. Begiraleen bila joango dira, begiraleak mozorrotu eta haien bila joan beharko dute Lasarte-Oriatik kanpo. Pista jolas mundiala Lasarten egingo dute horrela herria gehiago ezagutzeko.
Haurren interesen arabera prestatu dute programazioa eta programa erakargarria sortu dute. Ekintza aipagarriena Paintball-a da. Egiten den lehenengo urtea da eta arrakastatsua izango da dudarik gabe. Tailerrak egingo dituzte adin honetakoek ere, gorputz-tailerrak hip-hop-a eta funky lantzeko eta sukaldaritza. Irteera ugari antolatu dute gainera, hauek ostiraletan izango dira egun pasa arratsaldeko 17:30ak arte. Orioko hondartzara , Leitzaranera eta Urnietako igerilekuan ibiliko dira. Leitzaranera txirrindaz joango dira han bainu bat hartu eta gero buelta autobusean. Urteroko moduan irteera bat antolatu dute lo egitera, normalean Gipuzkoan barrena izan dira baina aurten Gipuzkoatik aterako dira. Ttakunek antolatzen dituen Udaleku itxietakoekin elkartuko dira eta programazio bateratua egingo dute elkartzen direnean
Matrikula egiteko epea maiatzaren 28 arte da. Ordura arte matrikulatzen diren haur guztiek plaza ziurtatzen dute.
Matrikula internetez egin daiteke www.ttakun.com, web orrian, edo Ttakuneko bulegoan bertan orriak entregatuz.•