Garraxi ixilak

jon-altuna 2008ko maiatzaren 19a

Landaberri Antzerki Eskolak datorren ostegunean estreinatuko du jende aurrean bere lan berria, arratsaldeko 8etan Andoaingo Bastero kultur etxean. 36ko gerrari buruzko lan sakona prestatu dute Lasarte-Oriako antzerkilariek, Andoaingo Oroituz taldeko Xabier Lasaren "Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa" liburu mardul eta interesgarrian jasotako hainbat pasarte, testimonio eta bizipenetan oinarrituta. Andoaindarrek bizitakoak eraman dituzte oholtzara eta Andoainen eskainiko da "Garraxi Ixilak" lehen aldiz. Gero Ekainaren 6an antzeztuko dute Lasarte-Orian.


“Garraxi Ixilak” antzerki lana sortu eta prestatu du aurten Landaberri Antzerki Eskolak, 36ko gerrari buruzkoa. Bi talde ditu Eskolak: astelehen arratsaldetan hamar bat lagun biltzen dira Mertxe Rodriguezekin eta astearte goizetan beste hamar Joserra Fachadorekin. Hauek, Kontxu Yarza, Junkal Perez, Donetz Iradi, Ane Huizi, Lorea Yeregi, Anabel Eleno, Jesus Mari Presa, Estitxu Garmendia, Mirentxu Egizabal eta Mailu Arrutik 36ko gerrako hainbat gertaera bildu dituzte ordu bete inguru irauten duen lanean: Trintxera, exodoa, irainak, fusilamentuak, ile mozketak, kartzela, gosea... Andoaingo Oroituz taldearen laguntza handia izan dute herriko antzezleek eta hain juxtu osteguneko emanaldia Oroituz-ek antolatu du, lurpean gordetako istorioa azaleratu nahi duen taldeak.
Landaberri Eskolako kideek adierazi dute pertsonalki oso aberatsa izan dela egin duten lana. Euren helburua ez da ikuslea hunkitzea izan. Donetz Iradik esan digunez, "guk ez ditugu horrelako gertaerak bizi izan; gure gurasoek eta ingurukoek kontatu dizkigute baina asko ere ez. Beraz bide bat da hau errealitate horretara hurbiltzeko eta maila batean iritzia emateko ere bai, horrek lagunduko digulakoan, berriro errepika ez dadin".

Sei urte lanean
Duela sei urte sortu zenetik Landaberri Eskolak urtero prestatu izan du lanen bat Lasarte-Orian eskaintzeko. Joserra Fachado zuzendariak azaldu digu nola abiatu den aurtengo egitasmoa. "Saharari buruzko zerbait egitea pentsatzen ari ginen iazko aste santutik, baina ez genuen ezer mamitsurik aurkitzen. Udan Markak Bernardo Atxagak gerrari buruz idatzitakoa irakurri eta konturatu nintzen hor bazegoela materiala. Batera taldekide batzuk Xabier Lasaren liburua irakurtzen ari ziren. Uda ondoren elkartu ginenean, Markak pasa nien irakurtzeko eta zera komentatu zuten taldekoek, hori egitekotan bazela antzeko zerbait Andoainen, gertuago. Hortik Junkal eta Mailuk egokitu dute". Zuzendariak bien lana goraipatu du: "Eurek egin dute lan gehiena. Ni soilik astean bi orduz etorri naiz".
Mailu Arruti eta Junkal Perez arduratu dira beraz testua antzerkirako egokitzeaz. "Xabier Lasarekin harremanetan jarri eta oso erraza izan da, liburuan dagoelako dena, jende askorekin bildu da bera. Atxagaren Markak oso inpertsonala zela iruditu zitzaigun, eta, aldiz, Andoainen, gugandik oso gertu, bazeudela istorio politak. Horrela probak egiten hasi, saio horietan sortzen ziren gauzak jaso, eta hortik abiatuta egin dugu testua". Taldeko hamar kideak, urritik, astean bi orduz elkartu dira lana prestatzeko.
Fachadok argitzen du zailena antzezlanaren eskema osatzen izan dela. "Badaude fusilatuen eskutitz oso interesgarriak, ilea moztu zien emakumeen pasadizoak, edo goseak zeudela alkatearengana joaten zirenen eskaerak... pixkanaka, inprobisatzearen bidez, sortu zen eskema. Ez da erraza liburutik antzerkiko beste hizkuntza horretara pasatzea. Antzerkiak beste era bateko dimentsioa ematen dio eta".

Ondo pasaz antzerkia ikasi
Zuzendaria gustura da antzerkia zaletasun gisa hartzen duen taldearekin. Bere ustez bi helburu betetzen ari dira, batetik ondo pasatzea eta bestetik pixkanaka antzerkiko teknikak ikasten joatea: "bost urte daramatzat eurekin, eta gauza ezberdinak egin ditugu: mimo egiten hasi ginen, gero klown-a landu genuen, ondoren testu asko duen antzezlana, urte eta erdiz, Matrona uni Viro (Gizon bakarraren emaztea, Deban eta Lasarte-Orian eman zutena). Iaz inprobisazioak landu genituen, gaia eman, minutu batean prestatu eta jendearen aurrean egin. Nahiz eta nik beraiei ez esan, oso lagun talde jatorra da. Oso gustura etortzen naiz. Ez da berehalakoan ikusten baina egindako lana azken finean nabaritzen da. Inportantea da gustura egitea, biltzen garenean ondo pasatzea... Lana ere egiten dugu eta saiatzen gara besteei zerbait transmititzen".
Mailu Arruti taldeko partaide berriaren ustez, "obra honek, gainera, motibazio oso handia eduki du. Barrenetik, sentimendu aldetik, pila bat motibatu nau, ez da edozein obra eta horregatik tira egin dugu denok hainbeste". Berezia da lana eta azken finean guztiek dute gerra garaian egoera latz horiek bizi izan dituzten senitarteko edo lagunen bat.
Joserra Fachado zuzendariaren eskua nabari da lanean. Eszenak toki ezberdinetan gertatzen dira eta berak azaldu digunez, hain zuzen ere horregatik ez du eszenografia handirik, "oso zaila da eszena batean guztia irudikatzea. Horregatik espazioa hutsa da eta aktoreen interpretazio eta daramatzaten objektuekin betetzen dugu".

Lan sakona
Zuzendariaren iritziz, garrantzitsuena, inor mindu gabe, zerbait ona, duina eta zintzoa adieraztea da. "Beldur hori daukat, lortuko ote dugun, ez dezala inork esan, baina zer egin dute hauek! Erronka handiena hori da, ea egindakoa modu egokian iristen den, bere neurrian. Sentsazionalismorik gabe, denak negarrez jarri gabe,... Umorea ere sartu dugu. Zerbait duina egin nahi dugu, pentsaraziko duena, egindako astakerietatik ikasi dezagun eta berriro errepikatu ez daitezen".
Xabier Lasarekin elkarlana goraipatzen dute taldekideek. "Azalpen asko eman zizkigun eta handik hasi ginen zerbait konkretatzen. Ensaioetara ere etorri da Xabier, bere iritzia ematera, eta etorri den guztietan hunkitu da".
Landaberriko kideentzat ere batzuetan gogorra izan da: "hasieran, gogorrago egiten zitzaigun. Orain hainbestetan errepikatu ondoren, jada, barre ere egiten dugu baina hasieran, paperean sartuz gero, gutunak oso gogorrak egiten zitzaizkigun,...” Zenbait hilabetetan prestatzen aritu eta gero, argi dute ez direla hunkituko, baina aitortzen dute interesgarria izan dela zuzenean hura bizi ez arren "nola ukitu gaituen, nola iritsi zaigun eta hori transmititzea izango litzateke polita". Hainbat urtetan ezkutuan izan dena eta askok gorde dutena azaltzen hasi da. Badira "hori niri ere egin didate esaten hasi direnak eta hori barruraino heltzen da".•