“Gurasoak prestatu daitezke haur berria jaio aurretik, anai-arrebek zelorik izan ez dezaten”

Txintxarri Aldizkaria 2008ko maiatzaren 19a

Anai-arreben arteko zeloak izango dira datorren asteazkenean, kultur Etxean, Pilar Seminario psikologoak jorratuko duen gaia. Edozeini, baina batez ere, gurasoei zuzendutako hitzaldian, gai hau sakonki aztertuko du eta besteak beste, "zer dira zeloak? Zergatik sortzen dira? Egin dezakegu zerbait ez gertatzeko? Nola jokatu zeloak dituen haurrarekin?" galderei erantzuten saiatuko da Pilar Seminario, irakasle eta psikologoak berak azaldu digunez.

Pilar Seminario / Psikologo eta irakaslea. Haurren osasunean aditua.

Zazpi urtetik beherako haurrak dituzten gurasoentzat bereziki interesgarria den hitzaldia burutuko da datorren asteazkenean, arratsaldeko 6etan, kultur Etxean. Jeloskortasunari buruzko solasaldia antolatu du KIUB, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak, eta Pilar Seminario, irakasle, psikologoa eta haurren osasun prebentzioan aditua izango da hizlari. Ondo jokatuz gero, arlo honetan anai arreben artean sor daitezkeen arazoek konponbidea badute bere ustez. Gurasoek horrelako kasuetan nola jokatu behar duten azalduko du haurrengan sortzen diren azaroei aurre egiten hainbat urtetan diharduen psikologoak.

Pilar Seminario Sortuz taldeko eta APIR erakundeko kidea da. Reichiar psikoterapia eta haurren osasun-prebentzioa jorratzen duen talde honek urte asko daramatza Lasarteko Kultur Etxean haurtzaroari buruzko hitzaldiak antolatzen. Hitzaldien helburua irakasle eta gurasoen formakuntza hobetzea da, eta beraz haurren arazo edo zailtasunak aurreikusi eta beraiei aurre egiteko pauta batzuk ematea. Pilar Seminario berak azaldu digu "0 eta 7 urte bitarteko haurren guraso eta zaintzaileei zuzendutako hitzaldi hauetan, gehienetan tratatzen ditugun gaiak, gurasoek aukeratutakoak izaten dira. Horixe gertatzen da hurrengo asteazkenean emango den hitzaldiaren gaiarekin: jeloskortasuna, gurasoei asko interesatzen zaien gaia, jorratuko da”

Ohiko arazoa
Irakasle eta psikologoak azaldu digunez sarri gertatzen dira horrelako arazoak familia batean haur berri bat jaiotzean: "Handienak, ordurako ondo lo egiten zuenak, txiza egin behar duen tokian egiten zuenak, denetik jaten zuenak eta oso umore ona zuenak, aldaketa bat izaten du eta ematen du txikiagoa egin dela: orain denbora guztian amarekin egon nahi du, lehen ez zeuzkan beldurrak sortzen zaizkio, txiza gainean egiten du eta nahiko oldarkor egoten da. Esaten dugu orduan zeloak dituela". Baina posible da haurren ezinegon horri modu egokian aurre egitea eta hain justu horixe aztertuko dute sakonki asteazkeneko solasaldian: batetik. zeloak, zer diren eta zergatik sortzen diren, eta bestetik, gerta ez daitezen zerbait egin daitekeen eta nola tratatu behar diren zeloak dituzten haurrak
Pilar Seminarioren iritziz, "zeloa haurrak daukan sentimendu naturala da". Berria jaio aurretik zuen egoera eta jaso duen maitasuna "galtzeko arriskuan ikusten ditu, eta beldurra sentitzen du. Haurrak segurtasuna behar du bizitzeko, eta segurtasun hau bere gurasoek edo zaintzaileek ematen diote; beste txiki bat iristen denean, famili sistema osoa aldatzen da, segurtasuna galtzen da eta haurra gaizki sentitzen da. Orduan nabaritzen ditugu aldaketak haurrengan, eta aldaketa hauek fisikoak edota emozionalak izan daitezke".

Irtenbideak
Dena den, Pilar Seminariok arazo hauen aurrean, zein jokabide izan behar den ere azalduko du. Bere ustez, gurasoak prestatu daitezke haurra jaio aurretik. "Giroa prestatu dezakegu, ez jaioberriarentzat bakarrik, handiarentzat ere bai, beraren segurtasuna bermatzeko. Hitzaldian ikusiko dugu nola garantizatu segurtasun hau eta zer egin daiteken adinaren arabera"
Beraz hitzaldi interesgarria gurasoentzat, datorren asteazkenean arratsaldeko 6etatik aurrera Kultur Etxean gazteleraz, anaien arteko zeloak zergatik gertatzen diren ikusi, zeloak dituzten haurren joerak hobeto ulertu eta prebentziorako jokabide batzuk ezagutzeko.•