Ahozkotasuna ikasgai kurtsoan zehar

Txintxarri 2008ko maiatzaren 23a

Kurtsoan zehar bertsolaritzaren aitzakiarekin ahozkotasuna, irudimena, sentimenduen azaleratzea eta jendaurrekotasuna landu dituzte beste gauza askoren artean Lasarte-Oriako 5. eta 6. mailako ikasleek. Unai Muñoa eta Nagore Soroa izan dira ikastaroaren gidariak elkartearen eta Sasoeta eta Landaberriko euskara irakasleen laguntzarekin.
Kurtsoari amaiera emateko, festa egin zuten kulturetxean joan den astelehenean ikasitakoa oholtza gainean jartzeko, bertsolari izan ziren une batez. Talde bakoitzak klaseetan prestatutako emanaldia aurkeztu zuen lagun eta guraso guztien aurrean Pirritx eta Porrotx pailazoen gidaritzapean.
Profesionalen modura aritu ziren, Egaña eta Maialen Lujanbio txikiak ikusi ahal izan genituen bertsotan superheroi eta pailazo artean. Bertsoak asmakizun bihurtzeko, Harry Potter-en istorioa kontatzeko edo elkarrizketetarako erabili zituzten. Protestarako unea ere izan zuten ikasleek eta ez ziren motz geratu ikastetxea kritikatzerako orduan.
Haurrek ondo pasa zuten Porrotxen "magia" emanaldiarekin eta kideen erakustaldiarekin. Barre algarak eta oihuak entzun ziren emanaldian zehar, Porrotxen tranpak salatzeko eta lagunen asmakizunen erantzuna botatzeko. Jaialdia kantu artean bukatu zuten, "maite zaitut" abestiarekin esan zuten agur datorren urtera arte.•