Bihar, Amaraun jaialdia ospatuko dute herriko haurrek Lur, Marko eta Eztirekin Michelingo kiroldegian. Goizetik arratsera bitarte ekintza ugari antolatu dituzte Amaraun klubekoek. Pertsonaia bakoitzak bere txokoa izango du eta bertan tailer ezberdinak egongo dira, noski, bakoitzak bere neurrira egindakoa. Lur, taldeko berritsu eta ipurtarinena denez, bere txokoan kirolean arituko dira umeak, segundo batean gelditu ere egin gabe, saskibaloia, tenisa, futbola eta olinpiadak egiten.
Markok irudimen eta sormenerako burua du, horregatik bere txokoan antzerkia landuko da, baina ez hori bakarrik, globoflexia, tatuaiak eta eskulan gehiago egingo dira. Eztiri asko gustatzen zaio ingurumena eta bere txokoko tailerrak noski horren ingurukoak, haurrek naturaren inguruan lan egin dezaten. Txoko hauetaz gain bestelako tailerrak egongo dira; txapak ...
Txikienek lagunekin egun pasa polita egiteko aukera izango dute 10:30etatik 19:30ak arte. Goizean, eguna ondo hasteko puzgarriak eta esandako tailerrak. 13:00etan lau urtetik aurrerakoek Amaraun klubeko bazkideen bazkari ofiziala izango dute eta txikiak lagunekin bazkaltzeko aukera bikaina da. Bazkaltzera joan nahi izanez gero Ttakunetik pasa izena ematera, doan da. Bazkaldu eta gero berriro puzgarri eta tailerrekin jarraitzeko aukera, baten batek zerbait bukatu gabe utzi badu.
Lur, Marko eta Eztiren emanaldia
17:30ean izango da ekitaldia. Lur eta Eztik Ekuadorretik etorriko den Markoren lehengusua ezagutuko dute. Beraz, lau izango dira larunbateko abenturan parte hartuko dutenak. Baina halako batean Niaro lapur maltzurra agertuko da eskenatokian; honek ez daki kantatzen, ezta musika egiten, horregatik haserretu eta gaiztakerietan hasiko da. Bapatean munduko musika eta instrumentu guztiak desagertuko dira eta gure lau lagunak arazoa konpontzen saiatuko dira. Tarte batean musika desagertzen bada ere jaialdi musikala izango da, abestiak entzun eta abestu ahal izango dituzte partehartzaile txikiek.
Lur, Ezti eta Markoren abenturak ezagutu eta gero dantzaldia izango dute Txorro Morro taldearen eskutik. Egun berezia dudarik gabe herriko haurrentzat. Kamisetak egongo dira salgai eta adi Marko, Lur eta Eztiren lagun guztiei, material didaktiko berria prestatzen ari dira eta uda eta gero puzzle eta CDa kaleratuko dituzte. •