Bigarren eskuko merkatua igande goizean Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2008ko maiatzaren 23a

San Markos Mankomunitateak bigarren eskuko merkatuaren hirugarren edizioa antolatu du. Lasarte-Orian maiatzaren 25ean, igandean, izango da, 10:00etatik 14:00ak bitartean Okendo plazan. Edozein herritar edo elkarteek hartu dezake parte, beti eta aurretik erreserba egiten bada Azoka, mankomunitatea osatzen duten hamar udalerrietan egingo da ekainaren 29a bitarte.

Mota guztietako objektu erabiliak saldu, erosi edo trukatu nahi duen edozeinek parte hartu dezake. Zaborra murrizteko ekimenetaz ere informazioa jasotzeko aukera egongo da.
Produktu mota ezberdinak prezio baxuan eskuratzeko aukera ona da, dekorazioa, arropa, liburuak, musika, kirol materiala, informatika eta jostailuak esate baterako. Merkatuaz gain beste ekintza batzuk egongo dira inguruan, berrerabilera tailerra, musika, elkarrizketak eta gaiaren inguruko informazioa.
Ekimen hau herritarrei berrerabilera-esperientzia praktikoa edukitzeko aukera izan dezaten egiten da. Parte hartzeko beharrezkoa da objektuak erabiliak izatea eta egoera onean egotea. Lekua erreserbatzeko epea zabalik dago eta ez dago epe mugarik; hala ere, erreserbak nahiko aurrerapenez egitea eskatzen da. Gogoratu ere, partehartzea doakoa dela.
Iganderako izena eman dutenak 38 izan dira, horien artean hamaika Lasarte-Oriakoak. Bi merkatariak dira, Worldflags bat eta Ciberbank Ekain argazki denda bestea, azken honek bigarren eskuko DVDak salduko ditu. Elkarteen artean herrikoak Argi Ikusi, Prosomoto eta Gizakien Lurra egongo dira . Azken honek Gasteizen dauka egoitza nagusia baina postuan herriko jendea egongo da. Herrikoak ez diren beste elkarte batzuk ere parte hartuko dute SOS Balkanes Ayuda en Accion eta Emausek hain zuzen ere. Gainontzeko postuetan eskualdeko jendea egongo da, salerosketa eta trukearen azokan.
Eguraldi txarra eginez gero azoka Michelingo kiroldegian ospatuko da, bertako tenis pistan.•