Herriko futbol taldeak igoerarengatik borrokan

Txintxarri 2008ko maiatzaren 23a

Txintxarri

Lasarte-Oriako futbol federatuko taldeak aurten denboraldi polita egiten ari dira eta hori emaitzetan islatu da. Denboraldia bukatzear dagoela Ostadar K.F.ko infantilek eta kadeteek igoera lortu dute, baina asteburu honetako partidak erabakiorrak izango dira Lasarte-Oria Texaseko jubenilak eta Ostadarreko erregionalak igoera jokoan izango baitute.

Esan bezala, herriko futbol federatuko taldeek denboraldi bukaera emozioz betea dute aurtengoa. Lasarte-Oria Texaseko 2.erregionaleko taldeak aurreko larunbatean Usurbil taldeari 2-1 irabazi ondoren, lortu zuen finalerako pasea. Beraz, Gipuzkoako Kopako finala jokatuko du larunbatean Herrerako Axular-Lugaritz taldearen aurka. Norgehiagoka bihar, larunbata, 15:30ean Cesar Benito futbol zelaian izango da. Jesus Cantos, taldeko ordezkariak kontatu digunez, jokalariak Kopa jokatzeko gogo eta ilusio handiz ikusten ditu eta "hori oso garrantzitsua da, garaipen bat lortzeko".
Lasarte-Oria Texaseko jubenila 3.postuan dago Ohorezko mailara igotzeko. Hirugarren onena izan behar du, beraz asteburuko partidan jokoan dute igoera.

Ostadar igoerarengatik borrokan
Ostadarreko futbol taldeek denboraldi polita egin dute aurten. Denboraldia bukatzear dagoela, batzuek igoera lortu dute, besteek berriz azken momentua arte itxaron beharko dute.
Aurreko asteburuan Ostadarreko infantilak eta kadeteak igoera lortu zuten. Mikel Martijak zuzentzen duen kadete taldeak Lagun Onak taldearen aurka 2-1 irabazi ondoren lortu zuen igoera. Billabonaren atzetik, puntu bakar batera, geratu da.
Infantilek Amaikak bat talde debatarraren aurka jokatu dute igoera. Joanekoan 1-3 irabazi zuten, beraz bueltako partida erabakiorra izan zen (2-0) lasarteoriatarrentzat mailaz igo ahal izateko.
Ventanas San Miguel Ostadar, erregionaleko taldea asteburu honetan hirugarren postuari heltzen saiatu da, Sanpedrotarra taldearen aurka jokatuko duen partidan. Hala ere, honek ez dio igoera ziurtatzen, 3.geratu arren beste taldeko 3.arekin lehiatu beharko duelako. Partida bihar 17:30ean Michelinen izango da.•