Larunbatean Amaraun Klubeko jaialdi arrakastatsua ospatu zuten herriko umeek. Musika, tailer eta antzerki artean pasa zuten eguna. Goizez tailer eta puzgarrietan ibili ziren saltoka nekatu gabe, antzerkian, eskulanetan, kirolean eta ingurunearen inguruko ihardueretan. Lur, Marko eta Eztiren txokoetan ibili ondoren bazkari ofiziala egin zuten Klubeko bazkideek begiraleekin. Hirurogei ume gustura bazkaldu zuten lagunartean, ederki pasa zuten makarroi eta tomate artean.
Emanaldiak arratsaldean
Bazkal ostean jolas eta tailer gehiagorekin ibili ziren baina emanaldiena izan zen arratsaldea. Amarauneko panpinen antzerkia egin zuten 17:30ean. Lur, Marko eta Eztiren lagun berriak ezagutu zituzten bertaratutakoek. Markoren lehengusuarekin joan ziren Niarok lapurtutako musika berreskuratzera. Niarok ez zekien kantatzen ezta musika instrumenturik jotzen, horregatik haserretu eta mundu osoko musika guztia lapurtzea erabaki zuen; berak ez bazuen musikaz gozatzen ez zuen beste inork egingo.
Azkenean, lapur gaiztoari kantatzen erakutsi zioten panpinek eta musikaz maitemintzen zen Niaro lapurra. Lapurtutako guztia bueltatu eta pozik elkarrekin bukatu zuten saioa Amarauneko lagunek.
Jaialdiari amaiera bikaina emateko, Lur, Marko eta Eztiren emanaldia eta gero Txorro Morro taldekoek kontzertua eskaini zuten, haurrak dantzan ibili ziren eta hala agurtu zuten aurtengo jaialdia. Asko eta asko tatuaiekin, aurpegia goitik behera margotua zutela eta kamixeta berriarekin bueltatu ziren etxera.
Antolatzaileek bertaratutakoei eskerrak eman nahi dizkiete, eta batez ere begirale guztiei eginiko lanagatik. •