Bapo ospatu zuten 41. urteurrena Palomo Linares elkartekoek

Txintxarri Aldizkaria 2008ko maiatzaren 26a

Palomo Linares zezenzaleen elkarteak 41.urteurrena ospatu zuen atzo. Zumaburuko parrokian 12:30ean hildako bazkideen omenez egindako meza entzun ondoren, elkartera hurbildu ziren bazkide gehienak. Elkarteko atean ohiko taldeko argazkia egin eta bazkaltzera sartu ziren. Esteban Blazquez lehendakariak gonbidatu guztiak agurtu eta sukaldariek prestatutako bazkaria bedeinkatu zuen Juan Luis Murua Zumaburuko apaizak. Minutu bateko isilunea egin zuten berriro hildako kideen omenez. Ondo bazkaldu zuten, gulak, kokotxak eta solomiloa beste jaki goxoen artean. Ospakizunera, eskualdeko beste zezenzaleen elkartekideak ere gonbidatu zituzten.•