Txintxarri
Bazen behin sorgin bat, Teresa zuen izena eta sorgin horrek, urtean behin, menditik jaitsi eta edabe magiko batez, zabaleta osoa zipriztindu zuen eta zabaletarrengan aldaketa sinesgaitza suertatzen zuen...
Zabaletako Jaiak aurten 20 urte betetzen dituzte. 1988.urteko ekainaren 13an, San Anton egunean ospatu ziren auzoko lehen jaiak. Geroztik, urtero ospatu dira auzoko jaiak zabaletan. Aurten maiatzaren 27an hasi eta ekainaren 1 arte iraungo dute.
Jaiak asteartean, haurrentzat eskulanekin, antzerkiarekin eta japoniar bonbekin hasten diren arren, Teresa Sorgina ostiral arratsaldera arte ez dute jaitsiko. Alejandro Romok sortutako Teresa Sorgina duela hiru urte jaitsi zuten lehen aldiz auzoko plazara. Aurten, herriko batukadaren danborren hotsen konpainiaz jaitsiko da Teresa Zabaletara eta festari amaiera emateko, ohi denez, Teresa agurtu eta erre egingo dute.
Festa Batzordeak egitarau zabala prestatu du aurten ere: antzerkia, eskulanak, dantza, merienda, japoniar bonbak, batukada, abesbatzak, pailazoak, karta jokoak, kontzertua, proba mistoak, puzgarriak, magia, herri bazkaria... eta hamaika gauza gehiago. Adin guztietarako jaiak antolatu dituzte Zabaletakoek. Baina, jaietako benetako protagonistak haurrak izango dira.
Berrikuntzak
Zabaletako Jai Batzordeak aurkeztu duen festetako egitaraua berrikuntzekin datorkigu. Igande goizean, Landaberri ikastolako dantza saioa ikusi ondoren, 12:00etan, idi probako erakustaldiaz gozatzeko aukera eskainiko digute Oiartzungo Amaiur Arbelaitzek eta Joxe Antonio Telleria lasarteoriatarrak.
Bestetik, Jose Migel Aranzadi “beti umoretsu eta lanerako prest zegoen auzoko laguna” omenduko dute igandeko herri bazkaria amaitu ondoren.
Auzokideek herritar guztiak gonbidatzen dituzte jaietan parte hartzera.•