Txirene antzerkiak “Ogiyik karri etzun semia” antzezlana taularatu zuen Jalgin. Euskara Elkarteen Topaguneko Kultur Errotako zirkuituaren barruan dagoen komedia honetan, umorearen bidez, egungo ama baten eta unibertsitatean daukan semearen arteko harremana kontatu zuen.
Argaltzeko programa bat jarraitzen zuen bitartean, Unai jaio zen egunetik desberdina zela kontatzen hasi da ama. Erizainari horrela galdetu omen zion semea jaio eta gero beregana ospitaleko ohera umea ekarri ziotenean “aizu, nire semea ondo jaio dela, ondo dagoela seguru al zaude? Bi esku ditu, bi hanka... baina ez du ekarri ogirik besapean!”.
Sorkunde bere lagunak maiz esaten omen dio, oso inuxentea dela. Munduaren eboluzioaz eta gizartearen eraldaketaz ez dela konturatzen. Baina bera ez dago horrekin ados, Bere semeaz harro dago ama, nahiz eta bereziagoa eta desberdina izan; eta nahiz eta ikasketak utzi (baina hau Sorkunderi ez zion esango).
Halako batean, semea hasi zaio amari aholkuak ematen. Bere izaera atera egin behar duela, ez diola jendearen esanei kasu egin behar, eta are gutxiago beldur izan. Pittin bat kostata izan bada ere, lortu du semearekin komunikatzea.•