Txintxarri
Euskararen Maratoia 1986an jaio zen lau helburu nagusiekin: “Lasarte-Oriako euskaldunok 40 ordu euskaraz etengabe egiteko gauza garela adieraztea; euskararen inguruan ahalik eta herriko jenderik gehiena biltzea; herriko euskaltzaleak elkarrengana biltzea, beren arteko tirabira ideologikoak eta bestelakoak hautsiz eta Maratoia Euskal Herri osora zabaltzea”. Ondorengo maratoiek ere helburu berak izan dituzte, eta aurtengoak ere bai.
Maratoiak eta leloak
Lehen esan bezala I. Maratoia 1986an egin zen urriaren 25 eta 26an 40 ordu baietz! lelopean. Hurrengo Maratoia 1988an izan zen 40 ordu berriz! leloarekin maiatzaren hasieran.
Geroztik Maratoiak lau urtetik behin ospatu dira. 1992ko azaroan izan zen III. Euskararen Maratoia, 40 ordu? Errex! leloarekin. IV: Maratoia berriz, urriaren bukaeran ospatu zen 40 ordu gogoz! leloarekin.
Hemendik aurrera Maratoiko leloak aldatu egin ziren eta data nolabait finkatu, urriaren amaiera. Hasieran leloek zuten erronkaren kutsua desagertu egin zen, garbi geratu baitzen 40 orduz, Lasarte-Oriako euskaldunak euskaraz etengabe egiteko gauza direla. Horrela, 2000ko urriaren bukaeran ospatu zen V. Maratoiko leloa Eguneroko plazerra izan zen; 2004ko VI. Maratoikoa berriz, Bero-bero euskaraz orain eta gero.
Aurtengo Maratoia zazpigarrena dugu beraz, eta urriaren 18an goizeko 08:00etan hasi eta 19an amaituko da gaueko 12etan. Badira bizpahiru hilabete Maratoiaren Batzordea osatu eta lanean hasi zela. Antolatzaileek ez digute sorpresarik aurreratu nahi izan, biharko prentsaurrekorako dituzte gordeta. Beraz zortzikotea nork osatuko duten, zein izango den aurtengo leloa, logoa, irudia, kartela...; abesti berriren bat sortu duten. Aurreratu diguten gauza bakarra, zera da, maratoia bezain beste garatu diren teknologia berrien aroan bizi garenez, bihartik aurrera Euskararen Maratoiak web orrialde bat izango duela. Guzti honen berri esan bezala, bihar arratsaldeko 7etan Villa Mirentxun.•