Hots handirik atera gabe joan dira aste honetan preso politikoen lagun eta senideak Bruselara, tartean herriko senide eta lagunak.
Europako parlamentuan Frantzia eta Espainiako espetxeetan presoek bizi duten egoera eta honek eragindako istripu, hildako, gaixo, zigor luzatze… hau da: bizi duten egoeraren berri ematera joan dira. Eurodiputatuekin, flandestarren eta kurduen ordezkariekin bildu ondoren etorri dira tratu txarren testigu eta biktima hauek. Errealitate horren aurrean Europak ezin duela “itsu, mutu eta gor” geratu salatuta itzuli dira.
Bestalde, 36ko gerrako tratu txarren testigu eta biktimen istorioak ikusi berri ditugu oholtza gainean. Landaberriko antzerki eskolak emanaldi berezia egin du Andoainen. Garai hartan fusilatu, baztertu eta umillatu zituzten euskaldunen bizipenak hartu ditu oinarri.
Mezu zuzen hau jaso genuen emanaldian ikusleok: “indarrean izan den ahazturaren politika baztertu beharra dago. Horren lekuan oroitu, ezagutu eta zabaldu egin behar dira hauek gehiago gerta ez daitezen”. Lan politaren emaitza ikusi genuen. Erreza egin zitzaigun protagonisten senideen larruan sartzea. Egiazkoa izan delako taldearen esan nahia, bidali digun mezua.
36ko gerraren garaian erabili zituzten errepresio moduak aldatu egin dira, baina gaur egun jazarpena, jarraipena eta espetxean ematen duten tratuak orduan ematen zutenetik antza baduela esango nuke.