Energia arduraz erabili, klimaren aldaketa gelditu

Txintxarri 2008ko maiatzaren 30a

Txintxarri
Aurtengo Aste Berdea maiatzaren 29an hasiko da. Klima aldaketa, energia berriztagarrien sustapena eta eraginkortasuna izango dira gai nagusiak. Jardueraz betetako programazioa antolatu dute Lasarte-Oriako Udalaren Ingurumeneko Departamentuan herritarrek klimaren aldaketaren eta energia berriztagarrien berri izan dezaten.

Datorren ekainaren 5ean Ingurumenaren Munduko eguna ospatuko da eta hori dela eta ospatzen da Aste Berdea. "Energia, erabili dezagun arduraz. Aldaketa klimatikoa gera dezakegu!" leloa da aurten entzungo duguna.
Eguzki-etxola fotovoltaiko bat jarri zen atzo osteguna Brigitarren plazan. Teilatuan lau eguzki plaka ditu, eta sortutako energia argi indar eraldatzeko sistemak jarrita ditu. Horrela etxolako bonbila eta panelak energia horrekin dabiltza. Hilabetez egongo da energia berriei buruzko informazioz beteta den etxola autosufizientea Brigidatarren plazan.
Bikote Solar SL enpresako Tirso Ortiz eta Unai Villena izan ziren atzo arratsaldean etxolari buruzko azalpenak ematen eta ondoren energia berriztagarrien inguruko hitzaldia eman zuten Villa Mirentxuko aretoan: gai asko jorratu zituzten, energiaren egoera munduan, energiaren iturri konbetzionalak eta erabilerak, ingurumen ondorio globalak eta lokalak, energiaren egoera Euskal Herri mailan, etorkizunerako itxaropenak eta energia-iturri berriztagarriak.
Ekainaren 4an energia aurrezteko gomendioak dakartzan 1.500 eskuorri eta kontsumo apaleko 750 bonbila banatuko dira azoka inguruetan. Bestalde haurrentzako komiki bat argitaratu da: aurtengo gai nagusiak modu didaktiko eta atseginean biltzen dituen komiki horren 1500 ale banatuko dira.
Agitarrek energia aurrezteko erabiltzen dituzten bideak erakusten ditu, horrela etxean eta familiaren laguntzarekin ingurumenagatik bakoitzak bere ahalegin txikia egiteko.
Ingurumenaren munduko egunean, ekainaren 5ean, Euskadiko Zentro Meteorologiko zuzendaria den Margarita Martinek hitzaldia emango du aste berdearen programazioaren barruan klimaren aldaketaren inguruan, Manuel Lekuona kulturetxean 19:00etan.
Ingurumeneko Departamentuaren lehentasunetako bat hezkuntza da, horregatik, egun horretan bertan, txotxongilo antzezlan bat eskainiko zaie Landaberri eta Sasoetako lehen hezuntzako ikasleei. "Hura natura! Airea, lurra eta ura" izenburua duen lanak bizitzaren garapenean urak, hondakinen birziklapenak eta airearen kalitateak duten garrantzia azalduko die.•