Sorpresak prestatzen ari dira lasarteoriatar guztientzat, grabatu dituzten abesti berriak esaterako. Aurtengo leloari jarraituz "korritzeko modukoa" abestia egin dute, Ane Labakaren letra eta Aitor Atxegaren musika Agus Mujikak abestuko du. "Grease"en musikarekin ere beste abesti bat moldatu dute Aintzane Usandizagaren hitzekin Manoli Zumetak eta Jokin Ayerregarayk abesten dutena. Lorena Garciak eta Joxe Mari Agirretxek letra jarri diote eurek abesten duten "Bizitzari 1000 esker" kantuari eta musika Pirritx eta Porrotxena da. "Euskara helburu" abestia 2000. urtekoa da baina berriro grabatu da kalitatea hobetzeko, letra bertso eskolan egin dute eta musika Etzakitekoek jarri dute. "Maratoia da" kantua 2000. urtean plazaratu zen baina letra aldatuta dator aurtengoan, Mal de Ojoren musika eta Rebekaren hitzak Lorenak abestuko ditu. Haurren abestia 2000. urteko "Txupi txupi"a oraingoan ere entzungai eta noski Maratoiko abesti ofiziala "Bero-Bero".
Hau zazpigarrena dugu baina ez ditugu aurreko Maratoiak ahaztu behar, 1986. urtean lehenengo maratoia egitea bururatu zitzaion Agusi, eta ordudanik hona zazpigarrena. Lehenengo Maratoi horretan zortzikotea Joxe Mari Agirretxe, Bixente Beltran, Mailu Arruti, Jexux Izeta, Agus Mujika, Anabel Izagirre, Natxo Izeta eta Jon Iñaki Elexpuruk osatu zuten.
Urteak aurrera doaz eta Maratoia ez da atzean geratzen, garaiarekin batera egiten du aurrera eta ahalik eta txoko gehienetan sartzen saiatzen da. Inongo lotsarik gabe sarean ere presente dugu www.euskararenmaratoia.com. helbidean. Bertan mozorrotu eta biluztu zaizkigu zortzikotekoak. Azken maratoian abisua eman zuten "4 urte barru +" eta hala izango da, lau urte pasa dira eta bueltan daukagu urria. Irrikan egon ezkero web orrialdeari begiradatxo bat eman, bertan aurkituko dituzu xehetasun guztiak, badatorren maratoikoak eta atzean gelditu direnetakoak ere. Parte hartzaile eta abesti eta bideoklip berriak ezagutzeko tartea dago, baita 80. hamarkadako garaiko argazkiak, lehenengo, bigarren, hirugarren, laugarren eta horrela seigarren maratoiko argazki eta zortzikotekora iritsi arte. Garai zaharrak beti presente, irudi bidez bada ere.
Maratoia plazan ondo atera dadin, jende askoren laguntza behar dela jakina da, baina plazara iritsi baino lehen badira beste lan batzuk egin beharrak. Oraingoan antolatzaileek, lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiete diseinu eta musikako lanak egin dituztenei; kalean presentzia izateko oso garrantzitsua den lana. Eskerrak beraz, Aitzol Etxegoieni argazki eta kartelagatik; Edu Galardiri bideoklipagatik, Leire eta Ibon Coliasi web orriagatik, Aitor Atxega, Aitor Lasa eta Zabaletako haurrak abestiak findu, apaindu eta grabatzeagatik. •
Meltxor Artetxe
Perspektiba zabalarekin begiratuta herria euskaldundu eta herri bezala ere sendotu dela uste dut
Hendaian bizi da Meltxor eta beste ikuspuntu batetik ikusten du herri aspaldidanik. Hobekuntza handia jasan du bere ustez nahiz eta oraindik traba batzuk garaitu behar diren. Pozik dago zortzikoteko parte izango delako eta badaki maratoia ahalegin handia eskatzen duen ekitaldia dela.
Euskara iraun, hitz egin, idatzi, erabili egin behar den gauza da eta maratoia horren sinbolo da.
Nik beti izan dut begiradatxo bat kanpotik eginda euskararen erabilera urtetik urtera aldatu da, lehen lau zaharrek ezik ez zuen inork hitz egiten. gaur egun euskararen presentziak indarra hartu dut nahiz eta eragozpen asko dagoen oraindik, baina euskaldundu egin da.
Guztietatik urrutien nagoena naiz baina ilusioa egiten dit, deitu zidatenean asko estimatu nuen eta aportazio txikia egin beharko dut.
Joxe Mari Agirretxe
Lasarte-Orian dagoen gaitasunaren erakuslea da maratoia.
Maratoi guztietan parte hartu du! eta oraindik aurtengoa prestatzeko indarra aurtengoa prestatzeko indarra gorde du, ziur datorren urtean ere saltsan ikusiko dugula. Lasarte-Oriak kanpotik begiratuta itxura oso ona ez omen du ematen baina geroz eta gauza gehiago egiten dira herrian eta gerturatzen direnak egiten den lanaz ohartzen dira, maratoia lan guzti hori hedatzeko erabili behar genuke Joxe Mariren ustetan.
Herrian dagoen potentzialaren ispilua da. Engantxatu egiten duela esaten dute batzuk, emozio fuertea da hortik pasatzea.
Poliki-poliki euskararentzako espazio berriak sortzen joan behar dugu, maratoia eguneroko bihurtu. Hasieran uste genuen maratoiak eragin handiagoa izango zuela euskararen egunerokotasunean, baina hori ez da zerutik jaitsiko , eguneroko lana da eta denon inplikazioa behar du. Bitartekoak behar dira eta maratoia espazio horien bozgorailutzat erabili dezakegu.
Manoli Zumeta
Bazterrak nahastu behar badira, nahastuko ditugu
Adinez nagusiena da baina bihurriena ere bai, berak dioenez okerragoak badaude taldean. Lehen maratoia du aurtengoa eta ez du ezeren beldurrik.
Jendeak euskaraz hitz egingo duen bi egun dira maratoikoak, euskara entzunda hitz egitera animatuko da jendea.
Orain lotsarik ez daukat, ez dakit inoiz izan dudan baina garai hauetan lotsatzen hasten bagara ederki gabiltza! Ez dut publiko aurrean jartzeko beldurrik, gero nire aurrean nor jartzen den...
Pentsatzen nuena baino lan handiagoa da egin behar dena, ordu asko antolatu behar dira, baina animuekin nago.
Lorena Garcia
Euskaldun berria naiz eta lortu daitekeela esan nahi dut
Gaztea eta euskaldun berria dugu. aurtengoa bere lehen maratoia. Hasieran ez zen zortzikoteko parte izatera ausartzen , batez ere denbora libre gutxi duelako baina azkenean animatu eta motibazio handia dauka jendea euskara ikastera animatzeko.
Maratoiak euskal giroa sortzen du eta jendeak euskaldun berri bat ikustean agian animatuko dira haiek ere ikastera. Zaila da, batez ere idaztea, baina ohitu egin behar dugu tabernara joan eta "kafe bat mesedez" eskatzen ez "dame un cafe".
Maratoirako ez nuen neure burua gai ikusten baina oholtza gainean egotea asko gustatzen zait eta "zergatik ez!" pentsatu nuen. Orain oso motibatuta nago.
Rebeka Garzes
Maratoi hau oso garrantzisua da niretzat, nere alabaren lehena izango da
Aurretik bi maratoietan parte hartutakoa dugu, baina azkenekotik hona bere bizitza asko aldatu da. Ahizpa eta senarra geratuko dira haurrak zaintzen eta bere momentu bereziaz gozatzeko prest dago.
Gogo handiarekin itxoiten dudan zerbait da maratoia, Lasarte-Oriako euskararen festarik onena. Ilusio gehiagorekin hartu dut neure hirugarren maratoi hau, nire alabak nola erreakzionatzen duen ikusi nahi dut, badakit primeran pasako duela. Nik maratoi guztiak lehenengo ilaran bizi izan ditut eta berak hori bizitzea nahi dut.
Hala ere lotsa pasatzen dut hor goian eta ez dut nire alabak ni ikusterik nahi, lagun artean ez naiz lotsatia baina hemen desberdina da.
Ilitz Olano
Jende asko ezagutzen dut eta animatzen eta giroa sortzen saiatuko naiz
Festa giroa sortzeko gazte egokia. Bere lehen maratoian jendea aztoratzeko prest dator Ilitz. Euskal Herrian oso txikia da euskal hiztunen kopurua eta maratoiarekin ehuneko horri, txikia bada ere, bultzadatxo bateko prest dator.
Behin han gaudela jendea mugiarazi eta animatu egingo dut.
Euskara indartzeko egiten den ekitaldia da maratoia
Ohikotasunik ez daukana animatu eta egunerokotasunean euskararen iharduera indartzen lagunduko dio. Jendeak euskara ikasteko laguntzen du baina lau urtetik behin izanda zaila da memorian jasotzea, denbora gehiegi da. Hala ere hasiberria den bati ikasi eta lau urtetara egunerokotasunean ihardutera animatuko da.
Jokin Ayerregaray
Lasarteoriatar guztiak euskararen inguruan biltzeko aukera ona da maratoia
Taldeko gaztetxoena da baina horregatik ez da gutxien lan egiten duena. Maratoiak atzetik duen lana ezagutu du aurten eta ematen duena baino gogorragoa dela esan digu, hala ere taldean ondo moldatzen dira eta ziur maratoi polita prestatuko digutela.
Normalean giro erdalduna dago herrian eta berrogei ordu horietan behintzat jendea euskararen inguruan biltzen da.
Barrutik ikusita konturatu naiz zailtasun handia daukala dena prestatzeak, lan asko dagoela maratoiaren atzean. Hilabete asko behar dira hori prestatzeko, kanpotik festa bakarrik ikusten da lan askorik ez dagoela uste duzu baina barrutik karga handia da, lan asko egin behar da aurrera ateratzeko. Taldean oso ondo moldatzen gara nahiz eta adin diferentzia handia egon, giro ona dago eta gustura gaude lanean.
Agus Mujika
Oholtza gainean igotzearena barruan daramat
Maratoieko sortzaileetako bat da baina azken bi urteetan kale egin du eta Takolo izateari ere utzi egin dio. Irrikitan egongo al da taula gainera igotzeko?
Neurri batean faltan botatzen da taula gainera igotzea, lehen agian gehiegi egiten nuelako nekatu nintzen, orain noizean behin igotzea gustatzen zait.
maratoia herriko euskaldunon topagune alaitsu bat da. Uste dut jendeak parte hartzeko aukera gehiago bilatu behar direla eta jendeak kulturalki nahi duen guztia egin dezala. Hizkuntzaz aparte kultur topagune bat ere bada.
Maratoiak errebindikazio kutsu handia zeukan sortu genuenean. Lehen herrian oso gutxi hitz egiten zen euskaraz eta hori aldarrikatzen genuen espazio guztietan, bai kaleko errotuluetan, bai herriko plazan. Hasieran desafio bat zen euskararen aldeko apustu fuerte bat. Militantzia gehiago zegoen orduan.