Antzerki Astea ekainaren 2tik 14ra

Txintxarri 2008ko maiatzaren 30a

Ekainaren 2tik 14ra bitartean Lasarte-Oriako antzerki sorkuntza maila altua erakutsiko da: 20 lanetik gora prestatu dituzte Landaberri Antzerki Eskolakoek eta bi astetan eskainiko dira, guztiak doan, Manuel Lekuona Kultur Etxeko oholtzan, goizetan ikastetxeetakoentzat eta arratsalde-gauetan antzerki zaleentzat. Guztira 200 lagun baino gehiago igoko dira oholtzara eta, beraz, ez da dudarik, antzerkia sendo eta indartsu dagoela herrian.

Jon Altuna-Itziar Carrasco

Landaberri Antzerki Eskolako ordezkari eta irakasleek ostegun goizean aurkeztu zuten ekainaren 2tik 14ra luzatuko den Lasarte Oriako 6. Antzerki astea. Joxe Mari Agirretxek seigarren urtez segidan antolatzen den egitarauaren sendotasuna nabarmendu zuen: astea deitzen bazaio ere, bi aste luzatuko da, urtetik urtera eskolan gero eta talde gehiago ari direlako. Aurten hogei taldek hartuko du parte, denak herrikoak eta guztira 200 lagunetik gora jarriko dira jendaurrean. Agirretxek egitasmoaren inguruko hiru ideia edo helburu azpimarratu zituen. Batetik, antzerkiak herrian izan duen hazkundea eta hartu duen maila bikaina, bestetik herriko talde ezberdinen elkarlana zein lagungarri den euskaraz bizitzeko eta azkenik, Euskal Herriko beste Antzerki Eskola batzuekin elkartzeko asmoa, antzeko arazoei aurre egiteko.
Manuel Lekuona Kultur Etxean eskainiko dira aurten Landaberri Antzerki Eskolak prestatu dituen lanak. Produkzio handia da, talde ezberdinek 21 lan prestatu dituzte, denetarikoak. Haurren taldeek prestaturikoak bi aldiz eskainiko dira, goizetan, ikasleentzat eta arratsaldeko 7etan nahi dutenentzat. Helduen taldeek gauetan eskainiko dituzte euren emanaldiak. Batetik ekainaren 6an, ostirala, 22.30ean "Garraxi Ixilak" eskainiko du Joserra Fachadoren taldeak: aurreko astean Andoainen burututako aurre-estreinaldi arrakastatsuaren ondoren gogoz daude Lasartera ekartzeko. Zarautzen eta Zaldibian egiteko eskaintza ere jaso dute. Junkal Perezek eman zuen "gira"ren berria, aurten prestaturiko antzezlana Lasartetik kanpo ere eskainiko dela, alegia. Andoaingo saioarekin pozik daudela aipatu zuen.
Helduen beste antzerki taldeak ekainaren 13an emango du 22.30ean Klik-on, izeneko lana, sexuari buruzkoa eta Mertxe Rodríguez zuzendariak adierazi zuenez, bi erronbotako lana, 16 urte gorakoentzat.
Antzerki asteari Dantza Garaikidea eta batukadarekin emango zaio amaiera, ekainaren 14an, 20.00ean hasita burutuko den ekitaldiarekin. Hasteko DBHko taldeak prestatutako bi dantza saio eskainiko dira eta ondoren helduen bi taldeek prestatutakoak: "Euskal Oihartzuna. Sua eta lurra." eta "keinuka". Maider Oiartzabal irakasleak aipatu zuenez aurtengo erronka alde fisikoa eta teknikoa lantzea izan da. Hilaren 14an ikusiko da emaitza. Hurrengo urteetarako beste asmo baten berri ere eman zuen, txikitan euskal dantza egitetik geroago garaikidea egitera dagoen etenaldia gainditzeko euskal dantza eta garaikidea uztartzeko asmoa.
Ekitaldi berezia izango da, antzerki astea amaitzeko, dantza garaikideko hiru taldeek batera dantzatuko baitute, batukadarekin batera. Aitor Uriarte Ttakuneko ordezkariak aipatu zuenez, duela urte bete ikastaro formatuarekin jaio zen batukadaren egitasmoa, baina helburua talde iraunkor bat sortu eta mantentzea da.
Joxe Mari Agirretxek uste du Lasarte-Orian diren baliabideei etekina atera behar zaiela eta denak bat eginik elkarlanean aritu. Bere ustez herrian irakasle onak dira, besteak beste Mertxe, Maider eta Joserra aipatu zituen... eta aukera ona izango da Ttakunek irekiko duen gazte lokala ere, dantza eta antzerkia egiteko esparru aproposa izan daiteke eta.
Landaberri Eskolako ordezkariak antzerkiak herrian hartu duen maila eta dimentsioa goraipatu zituen aurkezpenean, batetik kopuru aldetik baina baita kalitateari dagokionez ere, "urteetako esperientziaren ondorio". Adibide gisa Andoainen Landaberri Antzerki Eskolak estreinatu zuen Garraxi ixilak emanaldia jarri zuen: "ikusle batzuek ez zekiten esaten antzezleak amateurrak ala profesionalak ziren.
Bestalde, Agirretxeren ustez beste funtzio garrantzitsu bat ere betetzen du Eskolak herriko beste talde batzuekin elkarlanean. Interesgarria dira Lasarte-Orian euskaraz bizitzeko eta jarduteko sortzen ari diren esparruak: "Herriko talde desberdinen arteko elkarlana lantzen ari gara, diziplina desberdinak uztartuz: bertsoak, batukada, antzerkia, dantza garaikidea..."
Azkenik Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea sortzeko asmoaren garrantzia azpimarratu zuen: antzerki eskola desberdinek antzeko arazoak dituzte eta harremanetan jarri dira, arazo amankomunei aurre egiteko: zirkuitu baten beharra, euskarazko testuak lortzeko zailtasunak, irakasle prestuen beharra... Bere ustez, Lasarte-Orian antzerkiak hazkunde handia izan du oso denbora gutxian, Euskal Herri mailan gauza bera gerta daiteke eta beraz guztiek koordinatuta hobeto funtzionatuko dute.•