Landaberri Antzerki Eskolako ordezkari eta irakasleek ostegun goizean aurkeztu zuten ekainaren 2tik 14ra luzatuko den Lasarte Oriako 6. Antzerki astea. Joxe Mari Agirretxek seigarren urtez segidan antolatzen den egitarauaren sendotasuna nabarmendu zuen: astea deitzen bazaio ere, bi aste luzatuko da, urtetik urtera eskolan gero eta talde gehiago ari direlako. Aurten hogei taldek hartuko du parte, denak herrikoak eta guztira 200 lagunetik gora jarriko dira jendaurrean. Agirretxek egitasmoaren inguruko hiru ideia edo helburu azpimarratu zituen. Batetik, antzerkiak herrian izan duen hazkundea eta hartu duen maila bikaina, bestetik herriko talde ezberdinen elkarlana zein lagungarri den euskaraz bizitzeko eta azkenik, Euskal Herriko beste Antzerki Eskola batzuekin elkartzeko asmoa, antzeko arazoei aurre egiteko.
Manuel Lekuona Kultur Etxean eskainiko dira aurten Landaberri Antzerki Eskolak prestatu dituen lanak. Produkzio handia da, talde ezberdinek 21 lan prestatu dituzte, denetarikoak. Haurren taldeek prestaturikoak bi aldiz eskainiko dira, goizetan, ikasleentzat eta arratsaldeko 7etan nahi dutenentzat. Helduen taldeek gauetan eskainiko dituzte euren emanaldiak. Batetik ekainaren 6an, ostirala, 22.30ean "Garraxi Ixilak" eskainiko du Joserra Fachadoren taldeak; helduen beste antzerki taldeak ekainaren 13an emango du 22.30ean Klik-on, izeneko lana, sexuari buruzkoa eta Mertxe Rodríguez zuzendariak adierazi zuenez, bi erronbotako lana, 16 urte gorakoentzat.
Antzerki asteari Dantza Garaikidea eta batukadarekin emango zaio amaiera, ekainaren 14an, 20.00ean hasita burutuko den ekitaldiarekin.