XX. Squash saria azken fasean

Txintxarri Aldizkaria 2008ko ekainaren 2a

XX. Squash txapelketako azken faserako sei jokalari sailkatu dira eta seietan bi onenek jokatuko dute finala ekainaren 14an polikiroldegiko kantxan. Apiriletik 19 lagun ari dira txapelketa jokatzen.
Sailkatu ez diren 13 jokalariek ere txapelketan segitzen dute: euren artean kontsolazio lehia jokatuko dute, kopa sistema erabiliz, eta beraien arteko finala ere egun berean jokatuko da, ekainaren 14an.
Iñaki Carretero, Alberto Udabe, Aitor Artola, Joxe Martin Arregi, Agustin Erkizia eta Jose Antonio Ramos izan dira Lasarte-Oriako Squash txapelketaren lehen faseko sei onenak eta txapela jokatzeko sailkatu direnak.

Txapeldunen fasea
Txapeldunen fasean, liga sistema erabiliko da berriro, hau da, seiak seien aurka jokatuko dute eta bi onenak finalean izango dira azken orduko aldaketarik ez baldin bada ekainaren 14an. Maiatzaren 30ean, ekainaren 3an, 5ean, 9an eta 10ean squash partida dute beraz sei hauek, eta emaitzen arabera sailkatuko dira bi finalerako.
Txapelketa faserako aukera galdu eta kontsolazio lehiaketan ari diren Serrano, Valles, Franco, Rodriguez, Amiano, Etxaide, Roca, Lara, Calvo, Lanzeta, Urruzola, Cañedo eta Garciak aukera bat badute oraindik ekainaren 14ko finalean izateko.

Kopa sistema
Kontsolazo fasean, kopa sistema erabiliko da, hau da, kanporaketak jokatu eta irabazleak egingo dute aurrera. Maiatzaren 29an eta ekainaren 2an jokatuko dituzte lehen kanporaketak, final laurdenak ekainaren 4an, finalerdiak ekainaren 6an eta esan bezala finala 14an.
Apirilaren 2an hasi zen txapelketa 19 lagunen artean. 15 tantoko bost jokotara lehiatzen dira eta azken sprinean ez dute atseden hartzeko aukera asko, bi astetan hainbat partida baitituzte herriko squash jokalariek.•