Loidi-Barrenen babes ofizialeko etxebizitzak egiteko proiektua aurrera eramateko baldintzak onartu egin ziren ostiraleko ezohiko udal batzarrean PSE-EE, EAJ-PNV eta
EB-Berdeak alderdietako ordezkarien botuekin. Beraz etxagintza enpresek orain bi hilabeteko epea izango dute beren eskaintzak egiteko eta 2008 bukaeran ez bada 2009 urte hasieran hasi daitezke lanak. Interesatuak dauden herritarrak, aldiz, udazkenera arte ez daukate izena ematerik. Hau azpimarratzeko eskatu du Udalak.
Oposizioko taldeek kritikatu egin zuten babes ofizialeko etxebizitzak egiteko egitasmoa, aparkaleku eta merkatalgunearen ekimen pribatuarekin batera aurkeztu dutelako. Beraz, etxebizitzez gain, lau pisutako eraikin "singular" edo berezia eraikiko dela aurreratu zuen Iñaki Mujika alkateordeak. Hiru pisutan aparkalekuak jarriko dira eta beste solairuan Merkatalgunea.
Gaixo den Ana Urchueguiaren ordezkoak adierazi zuenez, batetik gazteen arazo nagusiari egingo zaio aurre, babes ofiziala duten 100 etxebizitza eraikiz, bestalde, Lasarte erdiko aparkaleku arazoari ere bai, hiru pisutako parkina irekiz eta azkenik herriko ekonomiaren motore izango den merkatalgunea ere eraikiko da. Bertan herriko merkatariek denda jartzeko lehentasuna izango dutela adierazi zuen Mujikak.
Aparkalekuetako batzuk salgai jarriko dira eta beste batzuk merkatalgunearen erabiltzaileen zerbitzuan. Dena den, eraikin berrien funtzionamentua erabat zehaztu gabe dago eta jarraipena eskatuko du Mujikak adierazi zuenez. Egitasmo honen barruan da Sasoeta inguru osoa txukuntzea ere. Trafikoan aldaketa batzuk izango dira eta atseden guneak jarriko dira.
EAEk babes ofizialeko etxeen egitasmoa bakarrik aurkeztu balitz baiezko botua emango zuela argitu zuen baina dena batera aurkeztu denez penaz baina ezezkoa eman zuen. Josu Goikoetxeak harridura azaldu zuen, EBkoak eta EAJkoek ados ez izan arren aldeko botua eman zutelako, hau da, hirigintza batzordean aurka izan eta batzarrean alde.
Atzerapena
EAJko Estitxu Alkortak azaldu zuen derrigortuta ikusi direla eta baiezkoa eman dutela etxebizitzen egitasmoa gehiago ez atzeratzeagatik. Dena den, hainbat kritika luzatu zizkion Udal Gobernuari, batetik etxebizitza batzuek ez direlako salduko, hau da, erosleek 75 urterako erabilpen eskubidea izango dute eta bestalde, eremu publikoak izanik, ez zelako egitasmoa hainbeste atzeratzeko arrazoirik. "Kuriosoa da baina inguruan salmenta libreko etxeak babes ofizialekoak baino lehenago egin dirala". Jakina da babes ofizialik gabeko 176 etxebizitza egin direla ondoan eta aldiz, 100 babestuak hurrengo urtera arte ez direla eraikiko.
Udaleko ordezkariek argitu nahi izan dute onarpen honekin ez dela babes ofizialeko etxebizitza hauek erosteko interesa dutenek izena emateko epea irekitzen, etxeak egiteko prest dauden enpresen proposamenak jasotzekoa baizik. •