Hasi da Santa Anako pala txapelketa

Txintxarri 2008ko ekainaren 2a

Maiatzaren 26an hasi zen Santa Anako pala txapelketa. Astelehenetik ostegunera bitarte jokatu dira partidak, hiru egunero. Talde bakoitzeko bikote batek atseden egiten du aste batez eta gainontzeko sei bikoteek haien artean jokatzen dute. Zazpi jardunaldi daude final laurdenetara iritsi arte.
Asteleheneko lehenengo jardunaldian A taldeko lehen partidan Jose Ramon Alcibar eta Benito del Arco atera ziren garaile. Bigarrena Txema Urrezola eta Eneko Urdanpilletak irabazi zuten eta Jose eta Mikel Begiristainek hirugarrena.
Asteartean, B taldeko partidetan Jose Felix Solano eta Mikel Arroyok irabazi zuten lehenengoa, bigarrena Imanol Bardaji eta Iñigo Arluziagak eta azkena Jon eta Iñaki Lizasok tanto bakarragatik.
C taldeko partidetako garaileak Iosu Iparragirre eta Aitor Matxain lehenengo partidan, bigarrenean Eneko Iradi eta Ibon Azkonobieta eta hirugarrenekoak Carlos Garcia eta Alain Etxebeste izan ziren asteazkenean. D taldeko partidak ostegunean jokatu ziren, asteko azkenak eta irabazleak Ion Pagola eta Jesus Ferreira izan ziren lehenengoan tanto batengatik, bigarrenean Xabi Etxezarreta eta Mikel Bardaji eta azkenekoan Shanti Martin eta Bernaitz Odriozola.
Talde bakoitzeko lehenengo biak jokatuko dituzte final laurdenak uztailaren 14 eta 15. egunean. Finala uztailaren 26an jokatuko dute sailkatutakoek Santa Ana egunean.•