Espero baino emaitza txarragoak lortu zituzten Lasarte-Oriako judoka gaztetxoek aurreko asteburuan Murtzian jokatu zen Estatuko txapelketan. Bakarka ez zuten podiumik lortu eta domina jaso zuen bakarra Esteban Martinez izan zen. Bere taldea, Euskadiko selekzioa, bigarrena izan zen, eta beraz zilarrezko domina jaso zuen berak bere borrokaldia galdu arren. Dena den, maila onean ari dira herriko judokak eta asteburuan, berriro, beste bi zita garrantzitsu dituzte, batetik Murtzian "lutxa" modalitateko lehiaketa eta bestetik Euskadiko txapelketa Donostian, Altzako kiroldegian.
Murtziara herriko lau judoka abiatu ziren aurreko asteburuan Gorka Aristegi entrenatzailearekin batera. Larunbatean kadeteen txanda izan zen. Ondo aritu ziren Leire Zubizarreta eta Amaia Curiel, biek zazpigarren postuan amaitu zuten, borrokaldi bat irabazi eta bestea galdu zuten, aukerak izan zituzten baina berriro galdu eta ez zuten finaletara pasatzerik izan. 93koak dira biak 15 urte besterik ez dituzte eta hurrengo urtean berriz aukera izango dute txapelketa honetan.
Igandean infantil mailan, 1994-1995 urteetan jaiotakoen artean Kiara Tobajas oso ondo aritu zen baina lehen borrokaldia galdu eta ez zuen bigarren aukerarik izan. Antzekoa gertatu zitzaion Esteban Martinez-i. Lehen borrokaldia pasa balu aukerak zituen finalean izateko baina galdu eta ez zuen bigarren aukerarik izan. Hala ere Euskadiko taldea bigarrena izan zen herrialdekako sailkapenean eta domina jaso zuen. Emaitzak ez dira beraz bikainak izan baina pozik zen Gorka Aristegi entrenatzailea.
Bi zita
Hurrengo zita ekainaren 7an da Murtzian berriro: "lutxa" deituriko txapelketara Mario Garrido joango da Esteban eta Amaiarekin batera. Bestalde, Euskadiko Txapelketa burutuko da Altzan eta bertan izango da Kiara. Josu Olmorekin batera.
Astean hiru egunetan entrenatzen dira herriko judokak, astelehen asteazken eta ostiraletan eta hurrengo urtean astearte eta ostegunetan alde fisikoa jorratzeko asmoa ere badute.•