Eguraldiak ez zuen asko lagundu hasieran baina azkenean atertu eta oso ondo bukatu zuten Mikel Berakoetxeak eta Andoni Mongek, "Futxi". Elkarteko bazkari batean suertatu zen apustua egitearen ideia, ez bata eta ez bestea ez dira segalariak, Futxi kale-kumea da eta Mikel baserrian jaioa bada ere herrian bizitakoa.
Gaztetatik ohitura pixka bat bazuten ere gogor entrenatu behar izan dute bi hilabetez froga honetarako. Alegria eta Zaldibi inguruetan aritu da Berakoetxea entrenamenduak egiten lagunen lurretan. Baino ez da lurrak soilik lortzea, jende askoren laguntza beharrezkoa da. Eguraldia ez da ona izan azkenaldian eta zailagoa da horrela prestatzen aritzea, hala ere azkenean ohitu egin behar izan dira nahi eta nahi ez.
Lan handia behar da horrelako apustu bat prestatzeko, jende asko inplikatu behar da lurrak lortzeko eta denbora asko galdu arazten zaie lagunei, horregatik zaila ikusten dute horrelako beste bat antolatzea.
Talde lana
Koadrilan egin dute lan, bakoitza zorroztaile batekin eta belarra jasotzen zuten beste laurekin ibili dira. Ordu betean aritu ziren bi taldeak ia gelditu gabe eta gogorra izan dela aitortu digu Mikelek. Belarraren egoera txarra zen euriaren eraginez etzana baitzegoen, baina azkenean uste baino hobeto ibili zen, entrenamenduetan baino hobeto. Biek oso ondo bukatu zuten eta errebantxa eskatzen dute batzuk baina gogorra da horrelako apustu bat antolatzea eskatzen duen lanagatik eta behar den laguntzagatik beraz ez dute beste bat espero denbora laburrean behintzat.
Eguraldi kaxkarra baina giro polita
Emaitza zoragarria izan zela kontatu digu Berakoetxeak, bai giro aldetik eta baita lan aldetik ere, ziurrenik eguraldia hobea izan balitz jende gehiago bilduko zen baina aterki eta guzti jendea Txalagore taldeak girotutako Kaxkarro inguruetara gerturatu zen.
Berakoetxearen taldea atera zen garaile 2.238 kilo belar bilduta. Futxiren taldekoek 363 kilo gutxiago bildu zituzten, 1.875 kilo hain zuzen, baina esan bezala sortu zen giro politagatik denek pozik bukatu zuten eta bazkaria ospatzera joan ziren bukatutakoan.•