Lasarte-Oriako airearen kalitatea aztergai

Txintxarri 2008ko ekainaren 6a

Lasarte-Oriako Udala eskualde mailan airearen kalitatearen lehen ikerketan parte hartzen ari da Andoain, Astigarraga eta Hernaniko Udalekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro sailarekin eta EHUko Kimika Fakultatearekin batera. Lasarte-Oriako Udalak herriko airearen kalitatea aztertu eta zehaztuko du. "Aurrerapauso kualitatibo bat suposatzen du azterketa hauei dagokienez, izan ere, udalerri batzuek beste batzuengan duten eragina ikusteko aukera eskainiko baitu", Udaletik jakinarazi dutenez, "emaitzak ikusi ondoren, airearen egoera hobetzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea eta ondorioz, lasarteoriatarren bizi kalitatea hobetzea" da Udalaren helburua.
Ekimen honetan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek asteazkenean sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena, Kimika Fakultatean, argazkian ikus daitekeenez.
EHUko Ingeniaritza Kimikako saila ari da azterketa egiten, Eusko Jaurlaritzak utzitako neurketarako tresna ezberdinekin. Urtebetez egongo den kontrolerako kabina bat jarri dute Lasarte-Oria eta Andoain artean, Antxisu bailaran. Urtaroen arteko aldaketak ikusteko aukera emango du honek.
Ikertzaileek jasoko dituzten laginak eta datuak aztertu ondoren, eskualdeko airearen kalitatea nolakoa den ezagutu ahal izango dugu.•