Udaletxean 11 liberatu daudela salatu dute ezker abertzaleko zinegotziek

Txintxarri Aldizkaria 2008ko eka. 6a, 02:00

Lasarte-Orian Udal Gobernuaren funtzionatzeko modua eta urte osoan zehar izan duen jokabidea salatu zuten atzo Txanpi Baztarrika eta Itziar Iartza ezker abertzaleko zinegotziek. Batetik nabarmendu zuten alkate, bost zinegotzi eta beste bost kofiantzako karguek dituzten soldatak ez datozela herriaren errealitate ekononomikoarekin. Bestetik zerbitzu publikoen gehiegizko pribatizazio eta lur publikoak Udalaren finantzaketarako erabiltzen ari direla salatu zuten besteak beste.

Lasarte-Oriako Udalaren 2008ko aurrekontuen balorazioa eta Udal Gobernuaren lehen urtearen balantzea egin zuten atzo ezker abertzalearen Lasarte-Oriako Txanpi Baztarrika eta Itziar Iarza zinegotziek. Batetik herriko agintariek herritarron interesak defenditu beharrean alderdienak lehenesten dituztela salatu zuten eta adibide argia jarri. “Udal agintaldi honetan gure herrian alkatea eta beste bost zinegotzi liberatu daude, eta hau gutxi balitz, konfiantzazko beste bost kargu izendatu dituzte. Guztira 11 liberatu. Pertsona guzti hauek alderdien zerbitzuan daude eta herritarrok ordaintzen diegu (“ilegalak“ garenok ere bai)”. Ondoren konparaketa bat egin zuten udal ordezkarien soldata eta zenbait jardueratarako Aurrekontuetan onartu diren kantitateekin. “Gazteria sailerako 6.000 euro, Hezkuntzarako 9.000 eta auzoetako festetatarako 6.000, hiru adibide jartzearren. Alkatearen soldata 96.000 euro kostako zaigu aurten, beste zinegotzi liberatuak 306.000 euro eta konfiantzako karguen ordainsariak 275.000 euro”.
Horregatik eskatzen dute liberatu gutxiago izatea, soldata murritzagoarekin eta konfiantzako kargurik gabe. Ezker abertzaleko zinegotzien ustez “horretarako daude udal langileak”.

Pribatizazioak
Baztarrika eta Iarza kezkaturik azaldu ziren, bestalde, Udalak zerbitzu publikoak pribatizatzeko hartu duen joerarekin. “Udal Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proposamenaren arabera 2008. urtean enpresa pribatuek 6,8 milioi euro jasoko dituzte zerbitzu publikoak emateagatik”.
Ezker abertzaleko zinegotzien ustez, beharrezkoa denean ondo dago baina ez dago dena pribatizatu beharrik.
Bestalde, ez dute egokia ikusten lurzoruen salmenta Udal finantziazio iturri bezala erabiltzea. “Udalak bereak dituen lursailak saltzeari ekin dio berriro. Horiekin etxebizitza politika egoki bat egin ordez, kasu askotan iniziatiba pribatuaren esku uzten ditu diru truke. Aurten udal lur sailak saltzeagatik 16.000.000 euro lortu dira, lurra erosteko inbertsioetan 1.000.000 euro besterik ez. “
Kultura “demokratizatu” beharra dagoela ere eskatu dute Ezker abertzaleko ordezkariek. “Udalak bideak itxi dizkie herri mugimendutik datozen ekarpen guztiei eta aldiz, egitasmo eta ekimen kultural erraldoiak, eta kasu batzuetan pribatuak, antolatzeko (makrokontzertuak, esate baterako) udalaren babesa eta diru laguntzak jasotzen dituzte.
Egoera horren aurrean batetik kultura kontseiluaren sorrera proposatzen dute, herrian ekitaldi kulturalak antolatzen eta bultzatzen dituzten kolektiboetako ordezkariez osatutako kontseilua eta bestetik kalitatezko kultura eskaintzea ahalbidetzen duten jarduera eta ekipamenduak bultzatzeko proposamena luzatzen dute, hau da, aurrekontu orekatuagoak: diru gutxiago ekimen erraldoietan eta diru gehiago kultur eragileentzat eta herrian kultura sustatzen duten taldeentzat.
Ezker Abertzalerko ordezkariek atzo udaletxean eman zuten prentsaurrekoan bestalde, banan banan udal batzordeen errepasoa egin zuten, oro har eztabaida gutxi dagoela nabarmenduz, eta gehienak minutu gutxitan bukatzen direla jakinaraziz.
Laburbilduz zera salatu zuten ezker abertzaleko zinegotziek, ez dutela beraiekin ezer jakin nahi, eta bestalde, zalantzan jarri zuten “zenbait zinegotziren ahalmenak ardurak izateko, “titere hutsak dira”.
Aurrera begira, lau gairi jarraipen zorrotza egingo diotela jakinarazi zute, Atez ateko zabor bilketa, eskola kontseiluaren eraketa, kultuko diru laguntzak eta euskara batzordean abenduan egin zituzten lau proposamenak, euskara, gazteria, kirola eta kultura arloak euskara hutsez lanean jartzea, 18 urtez azpikoen ekitaldi guztiak euskaraz izan daitezela, udal lan postu berrien perfilak hasieratik jartzea eta ordenantzak betearaztea.•