Antzerki eskolan buru belarri sartuta eta ezin atera

helena-ferreras 2008ko eka. 6a, 02:00

Garraxi Ixilak lanak izan duen arrakasta ia sinetsi ezin dutela daude Landaberriko helduen antzerki taldekoak. Estitxu Garmendiarekin hitz egin dugu. Bi taldetan ibiltzen da antzerkian eta gainera eskolak ematen dizkie 1.mailako ikasleei. Denbora nondik ateratzen duen azaltzen saiatu da. Taldean dagoen jendeagatik ezin izan du talde bat utzi nahiz eta denboraz kaxkar ibili. Orain ekainean lana pilatzen zaio baina pozik dabil lan eta lan antzerkian murgilduta.

Noiz hasi zinen antzerkian?
Orain dela sei urte hasi ginen ikastolarekin, iharduerak euskaraz antolatu zituzten helduentzat eta umeak apuntatu genituenean atzetik joan ginen gu. Horrela hasi nintzen, umeak apuntatzera joan nintzenean. Irailean aurkeztu zuten ikastolan antzerkia eta goazen ba! Asko pentsatu gabe izena eman nuen.

Dantza garaikidea ere egin duzu, zenbat urtetan?
Gaztetan euskal dantzan ibiltzen nintzen, baina haurdun gelditu eta utzi egin nuen. Gero antzerkiarekin batera sortu zen dantza garaikideko talde bat eta han aritu nintzen. Aurten ez dut egin baina lau urtetan gutxi gora behera ibili naiz.

Antzerkia nahiago duzu orduan?
Ez, baina antzerkian goizeko eta arratsaldeko taldeekin ibilia naiz eta bi taldeetako jendea ezagutzen nuen. Dantzako jendea eta antzerkian ibiltzen dena gutxi gora behera berdina da, eta azkenean sortzen den giro eta jendeagitik joten zara. Pena ematen zidan arratsaldeko taldea uztea, ordutegi aldetik ez zetorkidan ongi baina gaia ikusita ezin izan nuen ezetz esan. Irailan goizeko taldean bakarrik gelditzen nintzela esatera joan nintzen baina arratsaldekoen gaia ikustean gelditzea erabaki nuen. Orduan aurten dantzarik ez egitea eta bi taldeekin antzerkian aritzea erabaki nuen.

Betirako utzi duzu?
Ez, ez, momentuz bakarrik. Astean bi ordu oso erraz egiten dira, astelehenean danzta eta ostegunean antzerkira joatea primeran dago. Baina gero ekaina aldera gehiago entsaiatu behar da eta ni agobiatu egiten naiz, ez dago dena egiteko denborarik hori da txarrena.

Lehengo urtean bi taldeetan eta dantzan ibili zinen baina?
Lehengo urtean kurtsoa arratsaldekoekin hasi nuen. Goizez eta gauez egiten nuen lan, beraz goizean ezin nuen antzerkira joan, baina azkenean lana utzi eta libre geratu nintzen. Goizeko taldeari bisita egitera joan nintzen tarte horietako batean. Inprobisaketetan ari ziren, ez zen testua ikasteko obra bat, orduan hauekin berrengantxatu, nenbilenekin jarraitu, eta dantzan ere segitu nuen.
Antzerkia eta dantza gustatzen zaizkit baina azkenean garrantzitsuena jendea da, afariak, antzerkiak ikustera eta beste hainbat gauza egiten ditugu kuadrilakoekin egiten ez ditudanak.
Aurten haurrei eskolak ematen dizkiezu. Lehenengo aldia al da klaseak ematen dituzula?
Bai, lehengo udara osoa kanpoan egon nintzen eta kurtsoa hasi baino lehen eguzkitan etzanda nengoela, Joxe Marik deitu zidan. Taldeak antolatzen ari ziren eta norbait falta zitzaien lehenengo mailan eskolak emateko. Nik bost aldiz esan nion ezetz. Ni inoiz ez naiz ez begirale ez andereño, ez ezer ere izan, umeekin neukan harreman bakarra nire umeekin zen. Ardura handia da eta hori banekien, urtean zehar jolasak egiten dira baina gero emaitzak atera behar dira, gurasoen aurrean eta irakasleen aurrean. Amaia, antzerki taldekoa, bigarren mailakoekin dago eta lagundu zidan. Eromena izan da baina oso ondo pasa dut.

Aktore txikiak daude herrian?
Badaude, bai, oraindik oso txikiak dira baina nabaritzen da aldea batetik bestera. Batzuk denbora pasatzera joaten dira baina beste batzuk benetan sinesten dute egiten dutena. Asko, ez dira geldik egoten, ematen du ez dutela arretarik jartzen baina gero harrituta uzten zaituzte. Oso ondo egon gara, ohean nagoenean datorren urtean zer egingo dugun pentsatzen dut.

Udan deskantsatzea tokatuko zaizu?
Deskantsu totala. Datorren kurtsoan berriz baina zer egin erabaki behar dut. Dantza egin eta talde batean gelditzeko asmoa daukat, baina oraindik ez daukat argi. Esaten ditudanak eta gero gertatzen direnak askotan ez datoz bat.

Aurtengo lana nahiko gogorra da, 36ko gerra. Zer moduz sentitu zineten Andoainen?
Hasierako ideia saharar emakumeen inguruko antzerkia egitea zen baina Joxerra honekin etorri eta egitea erabaki genuen. Gogorra da, liburua irakurtzea eta gero bakoitzak bere etxekoa kontatzea. Lehenengo saioak izan ziren okerrenak, gero ohitu egiten zara, baina hasieran ea jendea negarrez utzi nahi genuen galdetzen nuen. Gero ostegunean Andoainen egin eta gero kristona izan zen, tentsioa handiarekin nengoen ostegunean bertan eta larunbat arratsalde arte ez nuen sentitu bukatutakoan sentitzen den lasaitasun hori.
Jendeak oso erantzun ona izan du Andoainen oso ondo egon zela esan ziguten. Hala ere, denek ez dute dena ulertu, ez da emozio bera sortzen jende heldua edo jende gaztearen artean, jende gazteak ez ditu gauza batzuk ulertuko historiako parte hori ez dutelako bizi baina galdetu egiten digute eta hori ondo dago. Oraindik Lasarte-Orian egin behar dugu, arrakasta tratatzen den gaiaren araberakoa dela badakigu, Andoaineko historia kontatu dugu baina azkenean herri guztietan gertatu da antzeko zerbait.•