Ostiralean, ekainaren 13an, asanblada ospatuko da arratsaldeko 7etan Iñigo de Loyola kaleko lokalean gazte bilgune bat eraikitzeko asmoarekin. Deialdiak bi helburu nagusi ditu lokalaren funtzionamenduak aurrera egin dezan. Alde batetik talde iraunkor bat osatu nahi da, lokalaren kudeaketaz arduratuko dena eta bestetik jendearen aurretiko jarrera ezagutu nahi da aurrera aterako diren proiektuek edukiko duten indarra ikusteko.
Hamasei urtetik gorako gazteei zuzendutako jarduera antolatuak ez dira ia existitzen ez badira betiko kirol klubek antolatzen dituztenak eta adin tarte hori baztertu samar geratzen da. Proiektu honekin gazte horiei gustuko gauzak egiteko aukera eta tokia eskaini nahi zaie, jendea biltzeko leku bat sortzea hain zuzen.
Gazteek izan behar dute proiektu hau aurrera eramango dutenak, hasieratik parte hartu dezaten nahi da, bai ekintzen antolaketan eta baita lokala beraren atontze eta girotze lanetan, horrelako gauza batek eskatzen duen lana eta diru kopuruaren magnitudea ezagutu dezaten.
Lokala Ttakun elkartekoa da eta gaztetxe edo gazte-lekua ez den beste zerbait sortu nahi da. Dagoeneko txukunduta dago, komuna eta argi indarra jarri dituzte eta baita estruktura berritu ere. Hala ere, gauza zehatzak egiteko prestatu behar da oraindik. Entsegu gela bat jarri nahi da eta baita irratia izan daitekeen grabazioak egiteko estudioa. Horrek lana eta aurrekontu handia eskatzen du horregatik gazteekin batera egin nahi da lan. Oholtza bat jartzeko asmoa dago bi zatitan banatuta eta baita giro ezberdineko guneak. Lokala handia da, 244 metro karratukoa baina ez da gelatan banatuko handitasuna aprobetxatzeko.
Irakutrezin aldizkaria orain bertan egiten dute institutuko gazteek eta kuadrillategikoak han biltzen dira. Lokala hasi da martxan baina oraindik proiektu berri gehiago barneratu nahi dira proiektu handi honen barruan. Rokodromo bat egiteko asmoa dago adibidez eta ostiraleko asanbladan zenbat gazte dauden horren ardura hartzeko prest ikusi nahi da lan hori aurrera ateratzen hasteko. Beste proiektu batzuk ere proposatuko dira gazteek zein iritzi duten jakiteko eta parte hartzeko prest dauden jakiteko, baina haien iradokizunak ere kontuan hartuko dira aurrera eramateko taldetxo bat ardura hartzera animatzen bada. Gazteak izango dira euskal gune hau aurrera atera behar dutenak beraien lan eta grinarekin. •