Koordinatzaile eta begiraleak asteburu pasa Orion

Txintxarri Aldizkaria 2008ko ekainaren 9a

Lortu beharreko helburuak asko ziren, horien artean begiraleen funtzioak zehaztu, egin behar duten lana zein den ondo jakin dezaten. Bide batez begirale, koordinatzaile eta lantaldearen harremana bultzatzeko balio izan du irteerak, asteburu bat elkarrekin pasa eta horrela harremanak sendotu dituzte.

Asko berriak ziren eta elkarren artean ezagutzeko aprobetxatu dituzte egunak. Koordinatzaile bakoitza bere taldekoekin egon da eta talde jokoak egin dituzte elkarrekin. Parte hartzea derrigorrezkoa zen baina oso balorazio ona egin dute koordinatzaileek, begiraleen inplikazio eta parte hartzea handia izan zelako. Udako ihardueratan helburu batzuk daude finkatuta eta horiek lortzeko egin beharrekoak azaldu zizkieten begiraleei, adibidez hizkuntza helburuak lortzeko trebatu dituzte, beti hezkuntza baloreak kontuan hartuz eta irizpide pedagogikoak landuz. Azken finean, lortu nahi diren helburuak eskuratzeko baliabideak eskaini zaizkie gazteei.
Beste eratako formazioa ere eman zitzaien begiraleei, lehen sorospen ikastaroa adibidez edozein ustekabe dela prest egon daitezen.
Programazio aberatsa landu dute asteburuan zehar, ikasten zuten bitartean ondo pasatzea zen helburu garrantzitsu bat eta nahiz eta eguraldiak ez lagundu primeran egon ziren gazteak. Asteburuan egindako lan honekin begirale eta koordinatzaileen arteko funtzionamendua hobetu da harremanak estutu direlako.
Larunbatean, afaldu eta gero, sorpresa zeukaten prestatua eta Oriotik ibili ziren pista-jolasean. Koordinatzaileek begiraleen rola hatu eta herrian zehar ezkutatu ziren, begiraleek aurkitu behar zituzten haurrak izango balira bezala. •