mirentxu

Txintxarri Aldizkaria 2008ko ekainaren 9a

Alkoholiko Anonimoak elkartearen 73. urteurrenarekin bat etorriz, Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak kontzientziazio lan bat aurrera eramateko asmoa du alkoholismoaren inguruan. Horretarako, ekitaldi bat antolatu zuen pasa den larunbaterako eta HHIko Lan eta Lan eta Emakumeen Zentro Zibikoko antzerki taldeek parte hartu zuten.

Taularatutako lanak
Antzezlanak arratseko 19:30ean hasi ziren Manuel Lekuona kultur etxean eta sarrera doakoa zen. Jende ugari bildu zen herritarren lanak ikustera. Lan eta Lan taldea izan zen lehena El secreto bien guardado antzezlana taularatzen. Lan honetan honako aktoreek hartu zuten parte: Domi Muñiz, Adolfo Perez, Manoli Fernandez, Maria Jose Gonzalo eta Esperanza Garcia, Ana Mirandaren zuzendaritzapean.
Taula gainetik atrezzo guztia kendu ondoren, eta beste antzezlan hasi baino lehen, Aureliano Pablok Como un libro poemaren irakurketa egin zuen beste aktore batez lagunduta. Hauen irakurketa amaitu eta segituan, Zentro Zibikoko emakumeen antzerki taldeak A mí sin alcohol gracias lana prestatu zuen, alkoholaren kontsumoak etxebizitza batean nola eragiten duen garbi erakutsi zuena. Antzezlanean, test moduko bat ere ikusi zen, alkolikoa nor den garbi uzteko asmoz.
Maria Aguirre eta Estitxu Mentaberriren zuzendaritzapean, kulturetxeko eszenatoki gainean Maria Rosales, Noemi Fernandez, Agus Perez, Maite Crespo, Yolanda Redondo, Erun Gonzalez, Dami Lopez, Manoli Fernandez eta Esperanza Garcia aktoreak izan ziren.
Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako saileko lehendakaria den Lourdes Acevedok azaldu zuen moduan, "gure helburua gazteriarekin ere kontzientziazio lan bat egitea da, eta horretarako aurreikusita dugu ekitaldia eskoletan ere aurkeztea". "Sailean ikusten dugu garrantzitsua dela alkoholismoa bezalako gai bat lantzea, izan ere, biolentzia bezalako beste arazo batzuk kontsumoaren ondorio izan daitezke".•