Udako Unibertsitateetako euskarazko ikastaroetara joateko bekak

Txintxarri 2008ko ekainaren 9a

Azken urteetan bezala, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeak Eibarren, Baionan eta Iruñean Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) egingo dituen ikastaroetara joan nahi duten herritar guztientzat bekak onetsi ditu. EHU/UPVk Donostian antolatzen dituen euskarazko ikastaroetara joateko ere bekak izango dira.
Eibarko ikastaroak ekainaren 30etik uztailaren 11ra izango dira, Baionakoak uztailaren 14tik 18ra eta Iruñakoak, berriz, uztailaren 21etik 25era.
Ikastaroak astebetekoak dira eta jakintzagai ugari izango dira aztergai: psikologia, arkitektura, informatika, publizitatea, antropologia, antzerkia, natur zientziak, kimika, sexologia, osasuna, soziolinguistika, eta abar.
Ikastaroak prezio desberdina du, langabetua izan edo ez izan. Halaber, ikasleak bi kontzeptu izan ditzake ordaindu beharrekoak, matrikula eta egoitza eta otorduak. Euskara Batzordeak onartu dituen dirulaguntzak matrikula kostuak ordaintzeko soilik izango dira.
Dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago. Eskaria egiteko azken eguna uztailaren 7a izango da. Dirulaguntzei buruz edota ikastaroetako programari eta antolakuntzari buruz interesa edo informazioa nahi izanez gero, Euskara Zerbitzura jo dezakete, telefono honetara deitu 943 37 61 84 edo mezu bat idatzi euskara@lasarte-oria.org helbidera.•