Landaberri Antzerki Eskola jaio zenetik helduen taldea zuzentzen duzu. Zergatik hartu zenuen erronka hau?
Donostiako kulturetxeetan antzerkiko eskolak ematen nituen eta pailazoekin lanean ari nintzen. Eskola sortu zenean irakasle izatea eskaini zidaten, baina hasieran ezetza eman nuen, lasaiago ibili nahi nuelako. Eta Joxerra Fachado hasi zen. Baina, bigarren taldea sortu zenean, ezin nuen ezetz esan. Izugarrizko poza eman zidan bigarren taldea atera zela jakiteak. Horrek ere animatu ninduen.
Eskolan hasi zinanean, zein zen zure helburua?
Lasarte-Orian ohitura gutxi dago antzerkia ikusteko eta eskolaren bitartez jendea antzerkira eta antzokira hurbiltzea izan zen eskolako helburuetariko bat.
Urtetik urtera gauza desberdinak landu dituzue.
Taldean parte hartzen dutenek hutsetik hasi ziren, inoiz antzerkia egin gabe eta antzerkiaren gainean gauza asko jakin gabe. Beraz oinarrizko gauzak lantzen hasi ginen: mimoa, klown... Egun, txikien taldean lantzen dituzten gauzekin hasi ginen. Eszenatoki gainean zer ez den egin behar, truko batzuk ikasi eta taldekideekin konfidantza hartzeko ariketak landu genituen. Kontaktu fisikoa oso garrantzitsua da eta ez gaude ohituta horretara. Konfidantza hori lortzen denean, harremanak aldatu egiten dira.
Denborarekin gero eta antzezlan zailagoak landu dituzue.
Bai, oinarrizkoarekin hasi ginen tea pixkanaka gauza gehiago landu ditugu: testu txiki batekin hasi ginen, gero eta eszena gehiago gehitzen joan gara. Iaz antzerkia, dantza eta irudiak uztartu genituen. Urte hauetan gauza desberdinak probatzen aritu gara.
Sei urte hauetan ia talde berdinarekin aritu zara, honek ez al ditu gauzak errazten?
Herriko jendea da eta denen artean elkar ezagutzen gara. Baina, egia esan, ez nuen espero taldeak hainbeste iraungo zuenik. Antzerkia irakasten aritu naizen beste lekuetan bi edo hiru urtez irauten zuen jendeak. Hemen, berriz, taldeak egonkortasuna lortu du. Batzuk hasieratik daude. Beraz, bakoitzak badaki zer egin eta zer eskaini dezakeen eta noraino iritsi daitekeen. Ez dakit zer gertatzen den, baina sei urte hauetan bi mutil besterik ez da taldean sartu. Antzerkia egitera animatu beharko lirateke.
Aurten zer landu duzue?
Aurtengoan probatu nahi genuen ea zer zen kamararen aurrean jartzea. Oso desberdina da ikusleen aurrean edo kamara baten aurrean antzeztea. Toma desberdinak hartu behar dira, errepikatzeko aukera dago eta ikusleen aurrean behin bakarrik egin dezakezu, ezin da errepikatu. Ezer egin aurretik Isa Fernandez de Agirrerekin hitz egin genuen ea muntaia egin zezakeen jakiteko. Baiezkoa eman zigunean, hasi ginen lanean eta urte erdia kamararen aurrean pasa dugu.
Nola aukeratu duzue gaia?
Gai zentrala sexua da eta La maleta rojan oinarritu gara gaia lantzeko. Bartzelonan eta, modan jarri den zerbait da: etxez-etxeko jostailu erotikoen salmenta. Aurreko udan Bartzelonan lagun batzuen etxean ezagutu nuen hau eta berehala burura etorri zitzaidan aurtengorako gaia. Taldekoei komentatu nien eta denei oso ideia interesgarria iruditu zitzaien. Beraz, La maleta roja liburua oinarritzat hartu dugu pertsonaien perfila lantzeko. Antzezle bakoitzak bere perfila landu du.
Zergatik bi erronbo?
Auto-zentsura pixka bat egin dugu. Ez da ezer ikusten, intsinuatu egiten dugu, besterik ez. Baina, gure artean hitz egin genuen eta beste urteetan umeak antzerki ikustera joan dira antzezleen artean gurasoak edo ezagunak zeudelako, edo eskolako ikasleak direlako... Adin horietan gai honek lotsa eta parregurea ematen die eta agian, antzezleek kontzentrazioa galdu dezaketela uste dugu. Iaz, gertatu zitzaigun. Gaia ez zegoelako umeei zuzenduta. Gainera, denbora izango dute denetarik ikusteko.
Zergatik joan behar gara ostiralean Klik-on antzezlana ikustera?
Iruditzen zait gai hau hemen ez dela oso ezaguna, sexua bai baina jostailuak ez. Jostailu hauekiko ez dugu gertutasunik, lotsatzen garelako, denda batera erosteko edo galdetzeko ausartzen ez garelako... Agian, nire irudipena da. Antzerkian jostailu erotiko hauek erakutsiko ditugu eta bukaerarako sorpresatxo bat gordeta daukagu. Beraz, bertan egon behar da sorpresa zertan datzan ikusteko.•