Txintxarri
80 artistatik gora bilduko dira larunbatean Lasarte-Oriako Andatza plazan. Tirri Tarra taldeak kontzertuan aurkeztuko du bere bigarren diskoa, Argi beltz, Sotto Voce orkestra eta Alboka abesbatza lasarteoriatarrarekin batera. Rock sinfonikoko ikuskizuna 23.00etatik aurrera ikusteko aukera izango da eta Udaleko Gazteria eta Festetako sailak antolatu du. Doako emanaldia izango da.
Badira bederatzi urte Tirri Tarra fanfarre pasaitarra orkestra bihurtu zenetik eta Argi Beltz Et Incarnatus orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin grabatutako lana da. 
Alboka abesbatza bertan kantuan
Herriko Alboka abesbatza izango da oraingo honetan Orfeoiaren lekua hartuko duena.
Esan digutenez, "abesbatzen munduarengandik jaso dugun erantzuna ezin hobea izan da eta aurreko urtean hamar kontzertu eskaini genituela Euskal Herria eta Galizian, tokian tokiko abesbatzak gurekin kantatzen zuela. Hamar abesbatza hauekin eta Sotto Voce orkestrarekin egindako emanaldi hauek guztiak, eta esperientzia oro har, oso polita eta hunkigarria izan da. Txalotzekoa da abesbatzek egindako lana eta nola bereganatu duten geure musika, eurak ere "Luz Negra / Argi Beltz"en parte izatera arte".
Proiektu hau ia lau urteko lanaren ondorioa da Tirri Tarrako kideentzat. Bitarte horretan taldeko kidea den Sergio Zurutuzaren konposizioak prestatu dituzte. Oso estilo ezberdinak biltzen dituzte, sinfonismo klasikotik rock estilora, heavy eta folk kutsuekin.
Eszenaratzen duten ekitaldia ikusgarria da eta kritikak "izugarria" eta "liluragarria" bezala definitu du.
Jesus Maria Zaballos buru den Gazteria eta Festak sailaren helburua da, berak azaldu duen moduan, "estilo ezberdinetako artistak kontzertuan ekartzea, publiko ezberdinari zuzenduta, jakin baitakigu Lasarte-Orian gustu musikala askotarikoa dela". "Zentzu horretan lanean jarraituko dugu, izan ere, gazteez hitz egiten dugunean ez diegu erreferentzia egiten 15 eta 18 urte artekoei bakarrik, baizik eta 28 eta 30 artekoei ere".•
            
            
        
        
            