“Erraustegiak gizakiaren izatearen funtsa zapuzten du “

helena-ferreras 2008ko ekainaren 13a

Lasarte-Oria Bizirik taldeak asteazkenean, hilaren 11n, kulturetxean erraustegien inguruko hitzaldia eskaini zuen eta bertan, Jordi Colomer ingurugiro teknikaria eta Julia San Jose medikua izan ziren. Atez-ateko gaikako bilketaz, konpostaz eta erraustegiak osasunean duen eragin kaltegarriaz aritu ziren. Errausketaren aurkako kideek larunbatean Donostian egingo den manifestazioan herritarren partehartzea ezinbestekoa dela gogoratu zuten.

Jordi Colomerrek eskaini zuen hitzaldian datu oso adierazkorrak eman zituen: "gaur egungo zaborraren %90a birziklatu daiteke, portzentai horren %40a materia organikoa delako eta gainontzekoa papera, kartoia eta ontziak. Gaikako bilketarekin beraz sortzen den zaborraren %90a berreskuratu daiteke eta horrela zabor gutxiago sortu". Gipuzkoan %20aren azpitik birziklatzen da, baina Lasarte-Oriako datuak San Markoseko mankomunitatean dauden datuen artean hoberena da, baina askoz gehiago egin daitekeela esan zuen Colomerrek.
2001.urtetik gaikako bilketa derrigorrezkoa den arren, gai organikoak oraindik ez dira jasotzen eta esan bezala zaborraren parte handia da. Denetik onartzen duten kontenedore berdeak dira Colomerren usteetan "etsai nagusiak", dena onartzen dute, dena dago nahastuta bertan eta zabor hori kudeatzea zaila egiten da ondoren. Orain zabortegia istea planteatzen da eta erabaki ona den arren, zer egingo dugu zaborrarekin?
Diputazioak erreustegia planteatzen du konponbide moduan. Elektrizitatea sortzeko balio duela diote, baina "sortzen duena baina energia gehiago kontsumitzen du beraz, balantzea negatiboa da", Colomerren ustez, "printzipioz konponbide polita dirudiena, ez da hain egokia".

Ondorio latzak osasunean
"Erraustegiak ondorio latzak eragiten ditu osasunean". Juliak argi dauka horrelako gauza batek sortzen dituen kalte larriak eta denok jakin beharrekoak direla, nahiz eta "administrazioetatik ez diren mahai gainean jartzen. Gainera, errausketaren aldeko mediku bat bera ere, ez dugu aurkituko".
Errausketaren mehatxuaz jabetu eta duela urte askotatik jakinak diren datuak, ezkutatzen ari direla konturatu ziren. Tximiniek igortzen dutena eta erraustegiak sortzen dituen hondakinak "osasunerako gaur egun ezagutzen diren material kaltegarrienetarikoak direla ez dute esaten" Juliaren esana.
Dioxinaz eta mikropartikulen inguruan hitz egin zuen ere medikuak, garrantzitsu eta kaltegarrienak direlako, baina ez bakarrak. Dosi txikietan arnasten dena gorputzean gordetzen da, tabakoaren adibidea garbia da erraustegiak daukan efektua azaltzeko. "Dioxinek minbizia eragiteko ahalmena daukate, enbrioiak kaltetzen ditu eta funtzio endokrinoa aztoratzen du. Minbiziaz gain, garrantzia bera duten biriketako eta buruko gaixotasunak eragiten dituzte erraustegiaren hondakinek", Juliak azaldu zuenez.
Zabor erraustegiek metal astunen dosi handia botatzen dutela esan zuen Juliak. "Erretzean, batzuk filtroetan geratzen dira, baina beste asko ez. Egun ez dago horiek gelditu ditzaketen filtrorik. Haien artean merkurioa dago: nerbio sistemari zuzenean eragiten dio, pertsonaren pentsamendua kaltetzen du, pentsatzeko ahalmenean, nortasunean eta herremantzeko eran eta insomnioa eta depresioa eragiten ditu ere”.
Mikropartikulek ere filtro guztiak gainditzen dituzte, bai erraustegiarenak eta baita gizakiak suderrean, bronkioetan eta abarretan dauzkagunak ere. “Kontutan hartu behar dugu, kalteak ere ekosistema bati egiten zaizkiola eta horrek ez duela esan nahi gizakiok kalte horietatik libratzen garenik, gizakiak bertan bizi garelako eta zuzenean eragiten digu hor dauden ura, lurra eta airearen egoerak".
Juliak amaitzeko, hondakinak oso toxikoak direla, minibizia sortzen dutela, akats batek egoera toxiko ezezaguna sortu dezakeela eta arrisku honen aurrean haurrak direla ahulenak azaldu zuen. "Azken finean, gizakiaren izatearen funtsa zapuzten du erraustegiak. Hau saihesteko alternatibak daude eta horien alde apustu egin behar dugu".

Alternatibak
Jordik, erraustegira eta zabortegira bota nahi ez ditugun hondakinekin zer egin dezakegun azaldu zuen hitzaldiari amaiera emateko. "Lasarte-Orian zaborraren %90tik %25a ari gara errekuperatzen, baina gehiago egin dezakegu atez ateko bilketarekin".
Hondakinak murrizteko alde batetik ahalik eta hondakin gutxien sortu behar dugu; beste aukera bat da etxean lekua dutenek, adibidez lorategitxo bat, bertan konposta egin ahal izatea. Hau egitea ezinezkoa bada etxez etxeko bilketa proposatzen du Mankomunitateak. Gai bakoitzari egun bat egokitu eta egun horretan portalean ontzi batean utzi beharko da zaborra. Gai bakoitzaren kopuruaren araberakoa izango da jasotzera joateko egun kopurua, adibidez: materia organikoak astean hiru egun izango ditu eta paperak bat. Katalunian eta Mallorcan hasiak dira horrelako bilketak egiten eta emaitza ona lortu dira, %20etik %70era igo da berreskuratu daitezken jasotako gaien kopurua.
Egitasmo honekin hasiz gero, informazioa asko egongo da herritarrarentzat. Garbi utzi zuen Colomerrek "hau aurrera atera dadin, denon parte hartzea ezin bestekoa da, herritarron eta udalaren inplikazioa lortu behar da, guztion onurarako izango den emaitza lortzeko".•