“Hogei kamioi dituenak hogei zulo ditu”

jon-altuna 2008ko ekainaren 13a

Astelehenetik greban izan dira Gipuzkoako garraio enpresak atzo azken orduan lanean hastea erabaki zuten arte. Gasolioaren igoerak estuasunean jarri ditu: salneurriak ere maila berean igo beharko lituzkete, baina zailtasunak dituzte bezeroei tarifak igotzeko. Horregatik eskatzen dituzte, automatikoki berrikusiko diren tarifa ofizialak. Horrela inork ez luke hortik behera lanik egiterik. Luis Zamora Lasarte-Oriako Hermanos Paino enpresakoak azaldu dizkigu garraiolarien arazoak.

Gasolioaren igoerarekin "zenbat eta kamioi gehiago eduki orduan eta zulo handiagoa" daukatela dio Luis Zamora Paino Guitrans elkartean dagoen Hermanos Paino garraio enpresako kideak. Igoera hori euren bezeroei kobratu beste erremediorik ez dute baina ez da horren erraza. Askotan urte hasieran negoziatzen dituzte tarifak eta gero ezin aldatu. Eta garraio enpresa batzuek, "ez dakit nola" baina besteak baino askoz gutxiagorengatik lana egiten dute.
Zer gertatu da egoera honetara iristeko?
Denok dakigu gasolioa asko garestitu dela, eta zailtasunak ditugu gure bezeroen tarifak altxatzeko. Normalean urte osorako salneurriak negoziatzen dira eta ezin gara ibili aldiro igoerak eskatzen. Horren aurrean Gobernuak aldiro berrikusiko diren tarifa minimo batzuk jar ditzala eskatzen dugu. Prezio horretatik behera inork ezingo du errepidera atera.
Hiru hilabetetan gasolioa hainbeste igo bada garraioaren salneurria ere beste hainbeste igoko litzateke, automatikoki, bezeroarekin hitz egin beharrik gabe. Berdin gasolioa merkatzen bada, automatikoki fakturak ere merkatu egingo lirateke.
Madrilen akordioak sinatu arren, gero garraiolariak bere bezeroarekin adostu behar du salneurria. Posible al da tarifen igoera derrigortzea?
Legez erabakitzen bada bai. Garai batean izan ziren derrigorrez errespetatu behar ziren salneurriak, eta egia da sinatu orduko ez zirela betetzen. Orduan eskatzen duguna zera da, hori erabakitzen bada Administrazioak jarri dezala ikuskapen eta kontrol sistema bat. Ez dezatela beti bezala garraiolaria kontrolatu, kargadorea kontrolatu dezatela. Beste eskaera batzuk ere baditugu, karga bat eraman eta 90 egunetara ordaintzen digute. Ordaindu dezatela 30 egunetara. Konponbide erraza du honek. Kontrolatu dezatela enpresa eta 30 egunetara ordaindu ez baldin badu, isuna jarri diezaiotela. Kontrolatuak beti garraiolariak dira.
Orain arte zailtasun handiekin aurrera ateratzen zirenak jada, kamioiaren joan etorri bakoitzeko dirua galtzen ari dira, poltsikotik dirua jartzen. Lagun batek atzo esaten zidan, "21 kamioia nituen, orain 21 zulo dauzkat". Bidai bat egiten duten bakoitzean dirua galtzen ari dira. Kamioi bakarra izanda, utz dezakezu, ahal bada kamioia saldu eta kito. Baina 20 kamioi badituzu 20 txofer eta 20 familia dira. Ez dakizu zer egin.
Zenbatu daiteke gasolioaren igoera hilero zenbateko igoera den zuentzat.
Iazko ekainetik, urte betean, esan daiteke ehuneko 40a igo dela. 0,90etik behera ordaintzen ari ginen eta gasolindegian 1.30ra inguratzen ari da. Baina bezeroari igoera eskatu eta askotan esango dizute badaudela beste garraiolari batzuk igoerarik eskatu gabe lanean ari direnak.
Egia da arazoaren parte bat gure artean dagoela. Ez dakigu nola baina batzuek prezio harrigarrietan lana egiten dute. Kalkuluak egin eta ez zaizkigu zenbakiak ateratzen, baina beste batzuek salneurri horietan lan egiten dute. Nola? Gasolioak edo neumatikoek berdina balio dute guztiontzat, eta beraz prezio horietan lan egiteko modu bakarra txoferrei dagokiena ez ordaintzea izango da. Tailer batera edo bestera joan, gutxi gorabehera prezioak berdinak dira. Gasolioan ere xentimo batzuen aldea izan daiteke, beraz batzuek ez diete gidariei dagokiena ordaintzen. Ikusten dira errepidetan eskulana oso merke saltzen duten gidari kanpotarrak.
Beraz eskulan merke horretaz baliatzen diren enpresak dira izorratzen ari direnak...
Bai, lehiakortasun hori ez da leiala. Beraz, kanpotik datozkigun zailtasunez gain, gure sektore barruan ere badauzkagu arazoak.
Zer moduz joan dira grebaren lehen egunak?
2005ean ere izan zen beste greba bat, eta esan ziguten, “kendu itzazue kamioiak errepidetatik eta eseriko gara negoziatzera", baina ez zen gero mahai haietatik ezer atera. Beraz, oraingoan ez gaude berdina onartzeko prest. Kamioiak ez dira mugituko zerbait sinatuta egon arte.
2005eko greba hartako negoziaketetatik ez dakit zenbat puntutako akordioarekin atera ziren komunikabideen aurrera.
Orduan ez zen ezer lortu, gasolio profesionala soilik eta hori huskeria bat da. Orain ere garraiolarien elkarteak eta Gobernua akordiotik oso hurbil dira, baian eurek garraiolarien gehiengoa ordezkatzen dutela esaten badute ere, nire ustez gaur egun garraiolariak elkarteetatik urrun daude.
Guk ere hemen Gipuzkoan Guitransen gauden garraiolariak, CETMen konfederatuak gaude baina ez gaude Madrileko ordezkariekin ados.
Agian enpresa handietako ordezkariak dira negoziaketetan parte hartzen dutenak eta txikiak kanpoan daude...
Ez dut uste tamaina kontua denik. Komentatu dugu, 21 kamioi 21 zulo direla. Zenbat eta gehiago eduki orduan eta gehiago galtzen duzu.
Egia esan garraiolariek baduzue Gobernua estutzeko gaitasuna. Konponduko al dira behingoz zuen arazoak?
Aurretik baditugu antzeko esperientziak, azken finean ez zen ezer lortu eta lelo aurpegia gelditu zitzaigun, baina honetan zerbait lortuko dela espero dugu.
Gizarteak babestuak sentitzen al zarete?
Hemen jendeak ulertzen du eta gurekin dago. Egia da izan direla lanera joan behar eta bideak moztuta aurkitu dituztenen kejak. Edozein egunetan ilara eta korapiloak izaten baldin badira normala da protesta bat dagoenean arazoak izatea, baina oro har ulertzen da.
Konponbide batera heltzen ez bagara asko dira uztekotan, kilometro bakoitzeko dirua galtzeko zertarako segi? Tristea litzake horrela amaitzea, inork ez zuen uste maila honetara iritsiko ginenik.•