Maider Oiartzabal Lasarte-Oriako dantzariak zuzentzen dituen hiru taldeek dantza egingo dute bihar arratsaldeko 8etan Manuel Lekuona Kultur Etxean. Berak kontatu digu 6. Antzerki Astearen amaiera ekitaldiko lanak zer nolakoak izango diren. "Dantza erakustaldi bat egingo dugu. Euskal Oihartzuna izena hartu duen helduen taldeak euskal dantza eta garaikidea uztartu ditu (Sua eta Lurra bi lanetan). Keinuka beste helduen taldeak prestatua garaikide garaikidea da. Denak dira garaikide baina lan hau gehiena. Gazteenak doinu modernoagoak dira. Gazteek energia pasatzen didate eta musika azkarragoa, pauso zailak, lurrean erabiltzeko teknikak,... sartu ditugu. Bi dantza egingo ditugu Telefunken Ragga-Ragga, eta Loli Pop. Bigarrena dantza oso alaia da, teknikoki ez oso zaila”.
Eta Batukadarekin batera Antzerki Asteari amaiera...
Ilusioa egiten zidan hiru taldeek batera dantzatzeak. Ideia horrekin, Ttakunpa taldearen kanta batekin ensaiatzen hasi eta batukadarekin batera sortutako dantza hau atera da .
Guztira zenbat lagun izango dira oholtzan?
45 bat lagun izango dira. 30 dantzari eta batukada taldeko 15 bat.
Noiztik ari zara talde hauekin?
Duela hiru urte hasi nintzen gazteekin eta helduekin izango dira 5 urte, bigarren antzerki astean jada izan ginen eta.
Nabaritzen al da urtez urte hobetzen ari direla?
Bai, nabaritzen da, batez ere gazteekin. Azkenean astean behin elkartzen gara, eta ordu eta erdik ematen du ematen duenerako. Helburuak ere direnak dira, zein da helburua? Teknikoki matxakatu eta dantzari onak ateratzea? Hemen helburuak beste batzuk dira.
Gaiak nondik atera dira?
Gazteen bien eta helduen keinukaren kasuan, kanta aukeratu, gustatu eta horrren inguruan landu ditugu. Euskal Oihartzuna taldearekin lau elementu lantzeko asmoa geneukan: lurra, sua, haizea eta ura. Gero lehenengo biekin geratu ginen.
Noiztik zabiltza dantzari?
Ni betidanik, txikitan hasi nintzen Landaberri ikastolan, euskal dantzarekin. Gero, 15-16 urterekin edo, euskal dantzak ez ninduen asko erakartzen, beti berdina egiten genuen, nahiz eta Eskola, garai hartarako nahiko moderno eta garaikidea izan. Txetxu Fuentes zuzendaria, beti izan da berritzailea. Beti berdina egiten nekatu, garaikidean hasi, eta konturatu nintzen gorputzarekin nahi nuena komunikatzeko aukera nuela... Garaikideak aukera eman dit gorputza ezagutu, kontrolatu eta hortik aurrera nahi nuena egiteko.
Non ikasi zenuen?
Kultur Etxean hasi nintzen. Gerora leku askotan egin ditut ikastaroak, Bartzelonan, Valentzian, Frantzian, Donostian...
Anaia Ismael ere dantzaria da...
Biok, eskutik helduta, elkarrekin, joan ginen kultur etxera dantza garaikidea zer den probatzera. Lehenengo klasea elkarrekin hartu genuen.
Eta zer moduz? Non dabil?
Kanpora joateko apustua egin zuen eta pozik dago. Suitzan bizi da. Kanpora joanda badirudi han mauka dagoela baina gertuko bat kanpoan edukitzeak errealitatearen islada ematen dit, ikusten duzu kanpoan ere ez dela erraza.
Gustuko al duzu irakasle lana?
Bai.
Zer moduzko harrobia dago Lasarte-Orian?
Nik uste kristoren potentziala duen herri bat dela Lasarte, baina, eskola hau ez da profesionalak sortzeko eskola, beste helburu batzuk ditu printzipioz.
Zaintzen zara?
Bai, zaindu behar da.
Adinarekin gero eta gutxiago?
Gero eta gehiago. Lanpostu bakoitzak berea dauka eta dantzan fisikoki sendo mantendu behar... Zaila da, hala ere. Koreografia batekin hilabete bat edo bi, topera aritzen zara baina, gero soilik emanaldietarako deitzen zaituzte eta bitartean mantendu egin behar duzu gorputza, dantzak hori eskatzen du.
Atzo bertan galdetzen zidan batek. Jan kontutan zaindu beharko duzu zure burua? Ez da argaltzearen kontuarengatik, dantzari asko gaude oso beteak eta oso ondo dantzatzen dugunak, estereotipo horrekin puskatu behar dugu. Dantza motaren arabera, ez duzu argala egon beharrik.
Irakasteaz gain, zer egiten duzu? Dantzan ari al zara?
Bai, Bidean izeneko nere sorkuntza batekin ari naiz eta beste proiekturen bat ere badaukat. Orain arte urte askotan aritu naiz irakaskuntzan eta gustura. Baina, nere pieza sortu nuen, emanaldi batzuk egin ditut eta berriro piztu zait dantzatzeko gogoa.
Aterako al da talde hauetatik dantzaririk? Gazteetatik agian?
Nahiko nuke. Jokin Ayerregarairen kasua kuriosoa da. Hiru urterekin klaseak eman nizkion, orduan gorputz adierazpena, noski, eta 13 urterekin berriro topatu gara elkarrekin. Hiru urtetan nerekin egon da berriro lanean, jada 16 ditu eta sekulako estiloa dauka.
Somatzen al duzu gustura daudela?
Oso gustura.
Helduak ere bai
Nik uste formularengatik dela, helburua ondo pasatzea da, oso gogorrak izan gabe, eta oso eroso sentitzen dira. Hori aldatuz gero akaso ez lirake horren gustura egongo. Batzutan ematen dit gogoa kaña gehiago sartzeko, baina jakin behar non zauden. Kukai konpainiakoei ere ematen dizkiet klaseak eta desberdina da, haiei formakuntza bat ematen ari naiz. •