Xirimirik urteurrena ospatu du

Txintxarri Aldizkaria 2008ko eka. 16a, 02:00

Ondo ospatu zuten larunbatean Xirimiriko hamazazpigarren urteurrena. Ekintza desberdinak antolatu zituzten egun osoan egiteko eta baita gau partean berandurarte festa egiteko.

Hamazazpi urte igaro dira Xirimirik elkarteak ateak ireki zituenetik eta beste urte batez, hau ospatzeko egitarau zabala antolatu dute: diaporama, mendi martxa, triki poteoa, bazkari herrikoia, mus txapelketa eta kontzertuak.
Aurreko ostegunean ekin zioten jaiari diaporama emanaldi batekin, Chile eta Argentinari buruzko diapositibak eskaini zituzten.
Ospakizunarekin larunbatean jarraitu zuten. Goizean, eguna ondo hasteko Buruntzarako mendi martxa egin zuten. Bueltan trikipoteoa egin zuten Txalagoreren eskutik eta 14:30ak aldera herri bazkaria elkartean sabela ondo betetzeko. Bazkaldu eta gero mus txapelketa jokatu zuten arratsalde osoan zehar digestioa lasai egiteko. Gau partean 21:00ak aldera berriro bildu ziren elkartean afaltzeko. Bukatutakoan, 22:30ak aldera, Apurka eta Pettiren musika emanaldiak hasi ziren. Apurka taldeak Balmasedako akustikoa eskaini zuen gitarra, txalaparta, zeharkako txirula, baxua eta ahotsarekin. Petti Berako bakarlariak ere ikuskizun polita egin zuen, On diska kaleratu berri du eta hori erakutsi zien elkartean bildu zirenei. Kontzertuak bukatutakoan festarekin jarraitu zuten elkartean eta girotzeko Naken Selektor-ek Ska-Rocksteady-reggae saioa eskaini zuen.•