Ostadar K.F.k 25.urteurrena ospatuko du larunbatean, Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2008ko ekainaren 16a

Ostadar Kirol Fundazioak ekainaren 21ean, larunbatean, 25 urte elkarrekin lelopean festa antolatu du hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko. Larunbat goizean Michelingo instalazioetan bolo eta toka tirada, tenisa, Mosso Kopako finala, futbol 7ko partidak eta futbol jokoak eta ondoren, bazkari herrikoia prestatu dute.

Ostadar Kirol Fundazioak 1983. urtean jaio zen, beraz 25 urte bete ditu aurtengo denboraldian. Urte guzti hauetan, herrian kirola sustatzeko lanean aritu da eta ari da oraindik. Hori ospatzeko jaialdi bat antolatu dute Ostadarreko kirol atal desberdinetako ordezkariek.
Ekainaren 21ean, larunbatean, goizeko 10:00etan hasiko da kirol jaia: bolo eta tokako tiradak helduentzat eta haurrentzat antolatu dute. Beraz, parte hartu nahi duten herritarrek larunbatean bertan, bolatokian eman beharko dute izena. Tenisekoek urte amaierako festa egingo dute teniseko kantxan, 10:00etatik aurrera: izerdi pixka bat bota ondoren, sari banaketa izango dute eskolako tenislariek. Aldi berean, futbol zelaian Ostadarreko taldeen arteko partidak eta jokoak egingo dituzte.
Mosso Kopako finala 12:00etan bertan jokatuko dute. Atsedenaldian sorpresatxo bat prestatu dutela kontatu digute.
Herri honetan ohikoa denez, bazkari herrikoi batekin amaituko dute festa. Bazkaria Michelingo frontoian izango da eguerdiko 14:00etan eta 400 pertsonentzako prestatuko dute. Lasarteoriatar guztiei irekita dago. Beraz, joateko asmoa dutenek, ekainaren 18a baino lehen, Ostadarreko egoitzan, Geltoki 25. zenbakian, erosi beharko dituzte txartelak.

Zilarrezko ezteiak
1983. urtean, kirolaren bitartez herriko auzo ezberdinetako bizilagunak elkar ezagutzeko xedearekin jaio zen areto-futboleko txapelketa eta horrela, jaio zen Ostadar Kirol Elkartea. Ostadar jaiotzen lagundu zutenek ez zuten imajinatuko eman zuten lehen urrats harekin elkarteak 25 urteko ibilbidea egingo zuenik. “Gauza asko gertatu dira eta momentu latzak eta politak bizi izan ditugu”, dio Ostadarreko kide batek, “bitan elkarteko ateak isteko zorian izan gara, baina indarberriturik atera gara aurrera. Azken finean, atzera begira eta lanean jarraitzeak merezi duela konturatzen zara”.

Kirol atal berriak
Elkartea urtetik urtera haunditzen joan da: 8 futbol talde federatu (175 jokalari), tenis eskolan 35 tenislari, bolotako taldea, Lasarte-Oria Bai kros herrikoia, pala txapelketa eta areto-futbola. Aurten bi atal berri dituzte: atletismo herrikoiko taldea (80 lagun inguru) eta futbol eskola (50 haurrekin). “Herritar eta bazkide askoren lana, esfortzua eta konfidantza dago kirol egitasmo honen atzean. Eta honi esker bete ditu Ostadarrek hogeita bost urte”.

Egoitza aldaketa
Urte hauetan elkarteak egoitza ezberdinak izan ditu: elkarteko lehen bilerak Ilargi Tabernan egiten ziren; gero ikastola zaharreko lehen solairuan; hortikTxepetx-Kabi taberna parera; azken urteotan, Geltoki 2 zenbakian eta egun, Geltoki 25. zenbakian. Beraz, “aurrerantzean, Iparragirre zapata denda izandakoan aurkituko gaituzue, ateak irekita”.
Ostadarreko ordezkariek herritar guztiei luzatzen die gonbitea, larunbateko bazkarian parte hartu dezaten.•