Euskara Biziberritzeko Plana hizkuntza suspertzeko asmoarekin onartu da, bost urtera begira egin den plana da, 2008-2012 epealdirako. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukera emateko asmoarekin eta eskubide hori bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak bultzatzeko gauzatu da. Euskararen presentzia oraindik hainbat esparrutan oso ahula da, gehien aurreratu den eremuetan egoera ez da gaztelaniaren parekoa beraz, planean azaltzen den moduan egunerokotasuna irabazita ez dagoenean arriskutsua izan daiteke lehentasun garbirik ez finkatzea eta esparru guztietara hedatu nahi izatea. Horregatik maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean euskararen berreskurapen osoa lortzeko urratsak areagotzea izan da planaren helburu nagusia.
Hiru helburu estrategikoren inguruan egin da lan plana garatzeko euskararen ondorengotzea, euskara erabiltzea eta euskara elikatzea. Horien barruan esparru desberdinak landu dira helburuak lortu ahal izateko.
Euskara Ondorengoetaratzea
Alde batetik, familiaren, eskolaren eta helduen euskalduntze eta alfabetatze bidez hizkuntza bera osatzea lortu nahi da, aberastu eta hobetu hain zuzen ere. Belaunaldi batetik bestera etenik gabe igarotzea, euskara belaunaldiz belaunaldi igarotzea lortzeko. Familia, eskola eta euskaltegia dira hiztun berriak sortzeko edo sortutakoak osatzeko hiru esparruak nagusiak.
Irakaskuntza: Irakaskuntzan egoera geroz eta hobea da euskararentzat, D ereduaren nagusitasuna ia erabatekoa da, baina horrek ez du beharrezkoa den hizkuntza gaitasuna bermatzen. Esparru honetan egin beharrekoak nahiko definituta daude baina Bigarren Hezkuntzaren Ondorengoan dago egiteko lanik handiena, Buruntzaldeko DBHOko programa dago horretarako baina Helduen Heziketa Iraunkorreko ikastetxeak eta Lanbideko Hastapen Tailerrek oraindik egin gabe daukate hizkuntza-plana. Horregatik proposatzen da agenteekin hizkuntza normalizatzeko planak hitzartzea eta dagoeneko eginda dauden planak laguntzea. Gainera etorkinen inguruko azterketa komenigarria litzateke hauen beharrak eta aukerak aztertzeko eta horren arabera ere jarduteko.
Euskalduntze eta alfabetatzea: ondorengoetaratzea eman dadin herritarrak euskalduntzea beste pauso bat litzateke. Horretarako proposatzen dena euskaltegiko zerbitzuak hobetzea eta programa zehatzak antolatzea ikasleak ahalik eta hiztun egokienak izan daitezen da. Gainera etorkinak Euskal Herriko parte badirenez euskal hiztun ere bihur daitezke eta hauen inguruko azterketa komenigarria litzateke beharrak eta aukerak lantzeko.
Familia bidezko jarraipena: euskara familia bidez transmititzeko ere ekintzak prestatu dira. Ikastetxe gehienetan arlo honen inguruan hausnartu dute eta ados daude planifikatu beharra dagoela horregatik dagoeneko hasiak dira plana gauzatzen. Gurasoei zuzendutako programak euskaraz ere eskaintzea da helburu nagusietako bat. Planteatu diren ekintzak gehien bat, gurasoak euskalduntzeko antolatzen diren gauzak diruz laguntzea dira, bestalde euskaldunak diren haur-zaintzaileen zerrenda osatzea ere planteatu da.
Euskara erabiltzea
Arlo honetan eman nahi den aurrerapauso nagusia ahozko jarduna indartzeko ahaleginak departamentu gehiagotara zabaltzea da eta kanpoko zerbitzuak kontratatzerakoan hizkuntza irizpideak kontuan hartzea.
Administrazioan, teknologia berrietan, enpresa-munduan, aisialdian eta kirolean sustatu nahi da euskararen erabilera. Alde batetik langileen artean sustatu beharko litzateke bai kanpo harremanetan eta baita barne harremanetan, langileen prestakuntza ere sendotu behar da horretarako eta langileen jarrerak aztertu eta euskararen normalizazioaren aldekoak izan daitezen landu. Bestetik, hizkuntza paisaia ere euskaldundu nahi da bai kalean eta baita administrazioetan ere, udaletxean, osasun-zentroan eta epaitegian esate baterako.
Paperik gabeko informaziorako zerbitzuak euskaraz eskuragarri jartzea aurre ikusten da baita udalaren web orrialdean euskararen inguruko informazioa jasotzea baina hau lortzeko laguntza teknikoa eta diruzkoa beharrezkoa da.
Enpresa-munduan lana egiteko aholkulari bat kontratatu da. Hamar enpresa daude euskara-plana dutenak haietatik bat Lasarte-Oriakoa. Diru-laguntzak egongo dira enpresa txikietan euskararen erabilera handitzeko, paisaia linguistikoa euskalduntzeko kanpainak egingo dira establezimenduetan eta nola ez sustapen lanak "LanHitz" edo "Zeu irabazle" programekin.
Udalak aisialdirako dituen zerbitzu eta programak euskaraz eskaini eta baita eskola-orduetatik kanpo antolatzen diren jarduerak ere euskaldundu behar dira euskararen erabilerak indarra hartu dezan, adibidez entrenatzaileak prestatzeko ikastaroak antolatu. Aldi berean euskaraz dauden aisiarako lokal eta taldeei laguntza eman behar zaie indarra hartu dezaten.
Euskara elikatzea
Euskara aberasteko bi ekintza solte gauzatu dira orain arte "apelliduak abizendu" eta "idatziak" liburuxkaren banaketa. Bestalde, Euskaltzaindiari laguntza eskatu zaio esparru honetan plan sektorial bat egiteko baina ez da erantzunik jaso. Planteatu dena hizkuntza paisaia txukuntzea izan da eta ahozko produkzio kulturala lantzea. Proposatutako ekintzak batez ere azterketa linguistikoetan, eta prestatutako materiala editatzean datza. Liburugintza, publizitatean, kulturgintzan eta hedabideen esparruan egin behar da lana, horrela euskara kaleratu eta aberasteko.•