“Ezer berezirik ez bada gertatzen Espainiako Vueltan parte hartuko dut”

itziar-carrasco 2008ko ekainaren 16a

Iban Mayoz Karpin-Galicia taldeko txirrindulariak Euskal Bizikleta proban tarteko helmugetako saria irabazi du. Aurtengo denboraldian bigarren aldia da tarteko helmugetako mailota eskuratzen duela, eta biak etxean. Izan ere, lehena Euskadiko Itzulian irabazi zuen. Ibanek bost urtetako eskarmentua du profesionaletan: Relax, Euskaltel Euskadi eta aurten Karpin-Galicia taldearekin ari da. Euskal Bizikleta amaituta, aste honetan Frantziara doa Hegoaldeko Rutan parte hartzeko.

Euskal Bizikletan nola ikusi duzu zure burua?
Ondo. Zerbait egiten saiatu naiz eta hiru egunetan hor ibili naiz, ihesaldiak harrapatu ditut eta azkeneko egunean, tarteko helmugak irabaztea lortu dut.

Tarteko helmugetan bigarren mailota aurten. Espezializatzen ari al zara?
Badirudi baietz. Euskal Bizikletan ez nuen asmorik edo ez nuen pentsatzen hori irabaziko nuenik. Baina, puntuak hartzen joan nintzen eta azkeneko etapan, mailota eskura neukan eta saiatu nintzen.

Euskadiko itzulian eta Euskal bizikletan oso ondo aritu zara, etxean korritzeak konfidantza gehiago ematen al dizu?
Etxeko lasterketetan gogo gehiagorekin ibiltzen naiz, beste motibazio batekin. Oso desberdina da Murtzian, Portugalen edo hemen korri egitea. Etxean ondo ibiltzea garrantzitsua da.

Zure gainean begi gehiago dituzunaren sentsazioa al daukazu?
Ez dakit begi gehiago diren, baina Murtzian edo kanpoko karreretan ez dizute kasu handirik egiten, bertakoa ez zarenez ez zaie inporta ondo ari zaren edo ez. Hemen aldiz, etxekoak begira daude eta kasu gehiago egiten dizute. Agian, horrek motibatzen nau gehiago.

Denboraldi polita egiten ari zara. Indar berdinarekin bukatzea espero al duzu?
Bai, otsailean hasiera eman genion denboraldiari eta orain arte maila ona eman dut, denboraldia indarrekin bukatzea espero dut. Aste honetan, 19tik 22ra Frantziara goaz Hegoaldeko Ruta proban parte hartzera; hilak 29an Espainiako Txapelketan izango gara eta gero aste beteko atsedenaldia izango dut. Esan daiteke San Pedroetarako denboraldiko lehen zatia amaitzen dudala. Eta gero Espainiako Vueltarako begira hasiko naiz prestatzen.

Kirol zuzendariak konfirmatu al dizu Vueltan izango zarela?
Hasiera batean Vueltara joango den taldean nago, beraz, ezer berezirik ez bada gertatzen bertan izango naiz.

Zein izango da zure helburua Vueltarako?
Oraindik ez digute ezer esan. Normalean, Ecequiel Mosquera izango da taldeko liderra eta berarentzat lana egitea izango da gure papera. Hala eta guztiz ere, norberak bere aukerak bilatzeko askatasuna izango dugula uste dut.

Zein da zure rola taldean?
Nahiz eta Mosquera taldeko liderra izan, askatasun handia dugu bakoitzak ahal duena egiteko. Taldeko buru ez den norbait zerbait egitea lortzen badu, gainontzeko guztiok egiten dugu harentzat lana. Niretzako ere beste batzuetan egin ezan dute lana. Txirrindulari guztiok ondo ibiliz gero, aukerak ditugu.

Sei hilabete igaro dira Karpin-Galicia taldearekin hasi zinela. Zein da zure balorazioa?
Oso ona da. Abenduan txirrindularitzan jarraitzeko esperantza gutxi nuenean, Karpin-Galiciak fitxatu ninduen. Kalean egotetik, horren ondo ibiltzera aldea dago. Beraz, balorazioa bikaina egin behar dut. Urte oso ona daramat.

Euskaltel Euskadi, Relax eta Carpin Galicia taldeen artean desberdintasunik ikusten al duzu?
Entrenamenduak eta lana egiteko era nahiko antzekoa dela uste dut. Euskaltelek ProTourreko lasterketetan parte hartzen du, agian hori da hiru taldeen arteko alde nabarmenena.

Nola deskribatuko zenuke zeure burua, Iban Mayoz, txirrindularia?
Todo terreno bezala. Ondo moldatzen naiz aldapa gora, esprinetan sartu izan naiz... Oraindik ez dut ezer irabazi, baina beno. Uste dut leku guztietan ondo moldatzen naizela.

Ingurukoek zer esaten dizute?
Urte ona egiten ari naizela, nire burua erakusten ari dudala, saiatzen ari naizela... Dena animoak dira.•