Euskal dantza emanaldi bat baino gehiago izango da hilaren 22an 19:30ean kultur etxean Erketzek eskainiko duena. Euskal dantzen sakoneko esanahia ezagutzeko aukera eskainiko dute ikuskizun berezian. Erketz dantza taldekoen ustez, harrigarria da gure herrietako dantzek gorderik duten mezua eta "txundituta" geratuko dira ikusleak.
Erketzeko antolatzaileen asmoa ikusleari dantzek barrenean gordetzen dutena, aintzinatik dakarten esanahia interpretatzeko gakoak eskaintzea da. "Euskal dantzek ez dute soilik helburu estetiko bat, eta ez dira hurrenkera jakin batean egiten diren urrats andana bat soilik, koreografia hutsa alegia. Gaurdaino iraun duten dantzek, antzinakoen mundu ikuskeraren berri ematen dute. Euskal dantzak, beraz, gure arbasoen mundu ikuskeraren isla dira, urteen joan etorrian etengabe moldatuz eta egokituz joan direnak. Nola antzeman daiteke, ordea, arbasoek dantzaren bidez ondorengo belaunaldiei utzitako ezagutza hori? Hori izango da aurtengo emanaldiaren helburuetako bat. Egun nazioartean entzutetsuak bihurtzen ari diren hainbat korronte antropologikoen berri emango dugu ikuslea gauza izan dadin ulertzeko zergatik diren euskal dantzak diren bezala.".
Erketzen helburua, ondare kulturalari dagokion balioa ematea da, belaunaldiz belaunaldi transmititu den zerbait ikustean ikusitakoari buruzko jakintza zuzena izatea. Horretarako lehenik iraun duen ondare hori bera ezagutarazi behar da, dantza, baina baita hori ulertzeko eta interpretatzeko gakoak eskaini. "Hori egin nahi dugu aurtengo emanaldian. Ikus-entzunezkoak tartekatuko ditugu emanaldian zehar. Hauetan dantzen esanahia agertuko dugu makina bat irudi eta ahozko azalpenen bidez. Horretaz gain, inor balego gaian sakondu nahi duena, esku-liburu bat ere banatuko zaie ikusleei. Zalantzarik gabe, neurri batean, emanaldia didaktikoa izango da. ".
Juan Antonio Urbeltz euskal folklore eta kulturan adituaren marko teorian oinarritu dira Erketzekoak azalpenak prestatzeko. Erketzeko ordezkariek adierazi dute berezia izango dela emanaldia, orain arte euskal dantzak ikustera joateko ohiturarik ez dutenei ere irekia, dantzak beste ikuspuntu batekin jasotzekoa.
Urte osoan aritu dira Erketzekoak emanaldia prestatzen, lan handia egin dute hainbat herritarren laguntzarekin. Guztiei luzatu dizkie eskerrak, bestela eurek bakarrik ezingo zuten eta tamaina honetako ikuskizunik antolatu.
Aurreko urteetan bezala, aurten ere San Pedroen atarian eskainiko du Erketzek dantza ikuskizuna, Udalaren laguntzarekin, baina taldeko kideek adierazi dutenez, Lasarte-Oriak ez du ahalmenik une honetan horrelako emanaldi txukun bat prestatu eta eskaintzeko. Kanpoko dantzarien laguntzarengatik ez balitz ez zen maila honetako ikuskizunik aurten. Erketz dantza taldeko 16 lagunek Andoaingo Urki taldeko beste 16 dantzariren laguntza izan dute ikuskizuna prestatzeko eta Erketz dantza eskolako haurrek, herriko musikari eta kantariek ere parte hartu dute. Guztira 50 bat lagun inguru.
Duela 43 urte sortu zen Erketz taldean, egun, 16 lagun dira eta horietatik 6 bakarrik mutilak, hau da, zortzikotea osatzeko jenderik gabe dabiltza. Taldekoek aditzera eman dute une honetan ez dela Lasarte-Orian euskal dantzen jarraipena ziurtaturik.
Ikuskizuna dela eta Erketz dantza taldeak berak irudi bat sortu du kaleetan jartzeko. "The message is in the dance. Do you know it?" mezua darabil kartelak eta Erketzekoek jakinarazi dutenez Irudi horretara zein emanaldira hurbilduz gero atzean dagoena antzemango du ikusleak. "Arretaz begiratuz gero hamaika gauza harrigarri deskubrituko duzu bertan" diote taldekoek irudiari begiratzeko eta emanaldia ikustera joateko gonbidapena luzatuz.•